Jantza ikuskizun onenaren Max saria irabazi dau Kukai taldearen 'Oskara'-k

Bizkaie! 2017-06-06 08:49   Kulturea

Talde onenaren saria Kukairi berari emon deutsie; Marie de Jongh konpainiak eta Ainhoa Santamaria aktoreak be errekonozimendua jaso dabe Max sarien galan.

Kukai taldeak Max sarien galatik bialdutako argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Max sarietako protagonistetako bat izan da Kukai jantza taldearen Oskara ikuskizuna. Zazpi izendapen euki ditu eta horreetatik hirutan sari nagusia emon deutsie. Jantza ikuskizun onenaren (Oskara), jantza talde onenaren eta jantzien diseinu onenaren (Iraia Oiartzabal) ataletan irabazi dau Kukaik. Espainiako arte eszenikoen sariketa garrantzitsuenetako bat dira Max sariak eta SGAE alkarteak antolatzen ditu urtero.

Valentzian egin da aurten Max sarien galea eta Jon Maia jantzariak jaso dau talde onenaren garaikurra, Kukairen izenean. Gaur egun euskeraz goi mailako ikuskizun kulturalak sortzeko modua badagoala aldarrikatu dau. Aurretik be Max sariak irabazitakoa da Kukai, berbarako, talde onenaren saria 2015ean be emon eutsien.

Oskara 2016an estreinau eban Kukaik. Marcos Morauk eta La Veronal konpainiak be parte hartu eben sormen prozesuan. Euskal Herriko tradizinotik abiatuta, abangoardiak eta gaur egungo jokerak aztertzea da Oskara-ren helburua.

Kukai ez eze, Euskal Herriko beste sortzaile batzuk be gogoan izan ditue Max sarietan. Marie de Jongh konpainiak umeentzako eta familientzako ikuskizun onenaren saria irabazi dau, Amour lanari esker. Talde horretako zuzendari Jokin Oregik izendapena euki dau eszena zuzendaritza onenaren atalean, baina ez dau irabazi eta Garbiñe Insausti aktorea be esku hutsik bueltau da Valentziatik, emakumezko aktore onenaren sarirako hautagai izan dan arren.

Bestetik, Ainhoa Santamaria arabarrak taldeko emakumezko aktore onenaren saria eskuratu dau; antzerkigintzan zein telebistan dabil Santamaria eta, orain, La estupidez obran egindako lanagaitik irabazi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu