'Gu ere bertsotan' topaketeak 630 ikasle hartuko ditu

Bizkaie! 2017-06-05 10:32   Bertsolaritzea

Arriaga Antzokiko topaketan Bilboko 13 ikastetxetan ikasturtean bertsolaritzea landu daben 630 gazteri egingo jake harrerea.

Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Sailak Bizkaiko Bertsozale Alkarteagaz batera antolatutako Gu ere bertsotan bertsolaritza-programea urritik maiatzera arte izan da Bilboko zenbait ikastetxetan. Orain, barriz, bagilaren 5ean, 10:30etik 12:00etara, Arriaga Antzokian izango da ikasturte amaierako jaia. Topaketa horretan ikasturtean ikasitakoa erakusteko aukerea izango dabe parte-hartzaileek. Bilboko 13 ikastetxetako 630 ume izango dira bertan.

Ekitaldian Oier Ponce musikaria eta Etxahun Lekue Etxebarria, Miren Amuriza Plaza, Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak egongo dira.

Gu ere bertsotan programearen helburua bertsolaritzea indartzea da eta ikasleek ikastetxeetan ikasturtean zehar ikasitakoa beste ikuspuntu batetik ikustea, jai-giroan eta bertsoez ondo pasauta; holan euskal kulturan sakondu egiten da euskerearen ezagutzari ekinez eta euskerearen erabilerea eskola-umeen artean sustatuz. Bertsolaritzaz ikasitakoa konpartiduteko izango da topaketea. 30 urtean bideratu dau programa hau Bilboko Udalak.

Bilboko zenbait ikastetxetako hainbat ikaslek parte hartzen dabe programa honetan. Gu ere bertsotan proiektuan 32 ikastetxe parte hartzen dagoz; urte birik behin ikastetxe guztiek dabe topaketan parte hartzeko aukerea, urte bakotxean 16 ikastetxek.

Gaur, barriz, ia ordu bi izango ditue bertsoez, antzerkiaz eta musikaz euskeraz ondo pasetako Begoñaspi Ikastolako, Gallego Gorria, Luis Briñas, Sánchez Marcos, Basurtu HLHI, Salesianos Deusto Ikastetxea, Mujika eskola, Deustu L.H.I, San Inazio L.H.I, Deustuko Ikastola, Fran Juan Zorrotza, Karmelo Ikastola eta La Salle ikastetxeko ikasleek. Etxahun Lekue Etxebarria, Miren Amuriza Plaza, Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolari batzuen bat-bateko bertsoez gain, Oier Ponce musikariaren emonaldia be izango da.

Ikasturtean zehar astean ordubete emon dabe ikasleek abestiak, erritmoak, bertso zaharrak eta bertsolaritzearen historia ikasteko. Ganera, Bizkaia Irratian astean programa bat egoten da zemenditik maiatzera.


Bizkaiko Bertsozale Alkartea

1897an sortu eben Bizkaiko Bertsozale Alkartea, euskal kulturearen ondare inmaterialaren zati handi bat ondorengoetaratzeko eta bertsolaritzearen etorkizuna bermatzeko.

Alkartean bertsolariak eta bertsozaleak 2400 dira. Irabazi-asmorik bako gizarte eta kultura-arloko alkartea da, bertsolaritzea sustatzeko helburua dauena.

Bertsolaritzearen zenbait alderdi lantzen eta garatzen ditu eta profesionalen eta boluntarioen lana buztartzen ditu, biak baitira nahitaezkoak. Horixe da alkartearen filosofia, urteko proiektuetan eta helburuetan islatzen dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu