‘Eskularru beltzak’ argitaratu dau Jasone Osorok

Bizkaie! 2017-06-05 10:19   Kulturea

Gazteei zuzendutako lau liburuz osotutako bildumako lehenengo alea argitaratu dau Elkar argitaletxeak.

Boxeoa dau ardatz Elgoibarko idazlearen lanak. Gitxitan aitatzen dan kirola da Osororen ustez eta horrexegaitik bizitza eta ring-a buztartuz, liburu honetako oinarri bihurtu dau. Eskularru Beltzak lau liburuz osoturiko bildumea da, idazleak urtean liburuki bi argitaratzeko konpromisoa hartu dau; aurkeztu barri dauen lana lehenengo istorioa da eta bilduma osoaren izenburu bera daroa. Udagoienean bigarrena kaleratuko dau, Castin-g.

Lau liburuetan zehar, sei personaia deskribiduten ditu apurka idazleak, euren ahuleziak eta kemenak, gaitasunak eta ezinak, txanpon beraren aldeak balira legez.

Lehenengo liburukian Beire  da protagonistea; bere institutuko liderra da, baina gurasoek ingelesa ikastera bialduko dabe udaleku batera eta bertan, ez dau inork aintzat hartuko. Baba izeneko ume misteriotsu batengan eta boxeoan topauko dau babesa. Etxera itzulita, bere betiko lagun Kar eta Letegaz batera, hirurek osotuten daben Sua taldea prest dago, barriro be, institutuko izarrak izan eta egurra emoteko, baina badirudi hasi barri dan ikasturtean gauzak desbardinak izango dirala. Beireren eta Babaren azaleko irudia emongo da liburu honetan, personaiak kanpotik erakutsiko dira. Idazleak iragarri dauenez, aurrerago ikusiko da zelakoak diran familian dagozanean.

Kontakizun honetako gai nagusiak, lagun taldeen arteko hartu-emonak, abenturak, maitasuna eta jelosiak izango dira, baina baita hain agirikoak ez diran beste batzuk be: segurtasun faltea, gazteen ahuleziak eta kemenak, bulling-a, harrera etxeak…

Jasone Osorok barriro egin dau saltoa gazte literaturara Eskularru Beltzak bildumeagaz.

2015ean, Agustin Zubikarai Bekeari esker, idazleak 12etan bermuta helduentzako liburua idatzi eban. Jara eta Ezekiel personaien istorioak be sortu ditu gaztetxuentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu