9.994 ikaslek egingo dabe Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoa UPV/EHUn

Bizkaie! 2017-06-05 08:07

Lanbide Heziketako 670 ikasle be aurkeztuko dira.

Bagilaren 7an, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa amaitu daben 9.994 ikaslek Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoa (USE) hasiko dabe UPV/EHUn. Batxilergoko ikasleez gan, goi mailako heziketa ziklo bat egin daben eta fase espezifikora besterik aurkeztuko ez diran beste 670 ikasle gehitu behar dira.

Probak hiru egunetan zehar egingo dira, barikura arte, eta bi fase izango ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak ondoko helburua dauka: Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituen ala ez neurtzea. Honako bost azterketez osotuta dago: Gaztelania eta literaturea; Euskerea eta literaturea; Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntzea; eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko derrigorrezko gaia. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago atera ezkerp, probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen Fasea borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonetako gaitasuna arlo jakin batzuetan, hau da, unibersidadean egin nahi dituen ikasketakaz zerikusia daben arloetan. Fase horrek aukerea emoten deutso ikasleari sarbide fasean lortutako kalifikazinoa hobetzeko. Onarpen fasean ikasle bakotxak Batxilergoko bigarren mailako modalidadeko edozein gai aukeratu leike, sarbide faserako aukeratu dauena kendut. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango ditue fase horretan; eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango ditue. Gai bakotxari 0 puntutik 10 puntura bitartean emongo jako; eta azkeneko nota hori aterako da borondatezko nota bi onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibersidadeak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduagaz dauen loturearen arabera.

Kontuak kontu, Unibersidadera sartzeko probak bagilaren 7an, eguaztenean, 8:45ean hasiko dira eta 18:45ean amaitu. Bigarren egunean, eguenean, hilaren 8an, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta, hirugarren egunean, 9:00etatik 15:00etara.

Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu