Euskal konpainiak Libourneko kaleko arteen jaialdi ospetsuan

Bizkaie! 2017-06-02 13:44   Kulturea

Abuztuaren 3tik 5era egingo dabe Fest'Arts Frantziako uri horretan eta euskal talde bik euren ikuskizunak aurkeztuko ditue.

KpiqA Collective-ren 'Zortzi' | Ikusi handiago | Argazki originala

Kaleko arte eszenikoen alorrean Europako jaialdirik ospetsuenetako bat da Libournekoa. Asteon aukeztu dabe aurtengo egitaraua eta, aurreko edizinoetan legez, oraingoan be euskal artisten ordezkaritza bat izango da Fest'Arts-en. Izan be, 2012. urtetik Etxepare Institutua Libourneko jaialdiagaz alkarlanean dabil, euskal arte eszenikoak nazinoartean zabaltzeko. Era berean, Akitaniaren eta Euskal Herriaren arteko zubia eregi nahi dabe.

Euskadi à Libourne izeneko programazinoaren bidez, Hego Euskal Herriko konpainia beteranoek zein hasibarriek euren ikuskizunak jaialdian eskaintzeko aukerea izaten dabe. Aurten aukeratu dituen biak KpiqA eta Proyecto Larrua taldeak dira.

KpiqA Collective konpainiak Eight izeneko ikuskizuna aurkeztuko dau Libournen. Egileen arabera, forma aldetik perfektua dan 8 zenbakiaren inguruan eregitako jantza ikuskizuna da hori. Proyecto Larruak, aldiz, espazio urbanoetarako sortutako Larrua ikuskizuna eroango dau Fest'Arts-era, hau da, jantza garaikidea eta break dance-a buztartzen dituan emonaldia. Leioako Umore Azokan saria emon eutsien Larrua-ri.

Horrezaz gan, profesional euskal-akitaniarren eta ikusleen arteko topaketea antolatu dabe jaialdiaren barruan. Abuztuaren 3an izango da eta Etxepare Institutuko kultura zuzendari Irene Larrazak parte hartuko dau. Beragaz batera, euskal konpainietako ordezkariak eta Akitaniako programatzaileak eta erakunde publikoak egongo dira topaketan.

Sortzaile akitaniar eta euskaldunen arteko alkartrukea Aquitaine.eus programearen barruan dago. Euskadi-Akitania euroeskualdeak, Euskal Kultur Erakundeak eta Etxepare Institutuak 2016an abiatutako egitasmoa da hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu