Bilbok Gau Zuria ospatuko dau bagilaren 17an

Bizkaie! 2017-06-02 10:52   Kulturea

Uria sortu zaneko urteurrena gogoratzeko hainbat jarduera atondu ditue gaueko 20:30etik goizaldeko 02:30era.

Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazinoaren zuzendariak aurtengo programazinoa aurkeztu dau, eta edade guztietako jentearentzat diseinautako ekitaldien zehaztapenak emon ditu. Eraikinak argiztatuta, museoak edegita, kontzertuak, irudi dinamikoen sekuentziak, argizko lorategiak eta hiru dimensinotako irudi parte-hartzaileen bidez ospatuko da Bilboren urtebetetzea. Antolatzaileen arabera, gau magikoaz gozetako aukerea emon nahi deutsie hurreratzen diranei.

Itsasadarrak ganera, bat egingo dau Zubizuriko argien, koloreen eta soinuen ikuskizunagaz; Arenaleko aterpeetan argizko labirintoa egongo da eta Abandoibarrako pasealekuan, barriz, loreen instalazinoak.

Euskadi plazea argizko baso bihurtuko da, kolorez aldatzen daben argi-haloakaz; Iberdrola torrearen barrualdean argizko instalazinoa egongo da eta zuzenean entzun ahal izango da musika klasikoa.

Udaletxeko zubian estropada berezia egingo da Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren eskutik. Apustuak egiteko aukerea be egongo da.

Musikeari jagokonez, Oreka Tx, Joseba Irazoki eta Huntza, besteak beste, be izango dira Bilboko giroa alaitzen.

Edizino honek Bilboko txoko esanguratsuenak beste modu batera ikusteko aukerea emon nahi dau, gauez bakarrik ikusi daitekezan irudiakaz. Antolatzaileek bizi izateko eta bizikidetzarako leku bihurtu nahi dabe uria.

Egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu