Bilboko Udalak Rafael Mikoleta sariak banatu ditu

Bizkaie! 2017-06-01 09:01   Kulturea

Euskerazko ipuin lehiaketearen XXIX. edizinoan 968 ipuin aurkeztu ditue.

Bilboko alkate Joan Mari Aburto izan zan sariak banatzeko ardurea hartu ebana atzo arrastian udaletxean egindako ekitaldian. Lehiaketeak lehenengo euskal gramatikea, 1653an, idatzi eban Rafael Mikoletaren izena daroa eta urtero egiten da 1989tik. Sasoi haretan, gaztetxuen artean euskal literaturea eta euskerea bultzatzeko asmoz sortu eben.

Bilboko Udalaren Euskera eta Hezkuntza sailak antolatzen dauen ipuin lehiaketeak aurten XXIX. edizinoa dau eta guztira 968 testu aurkeztu ditue 24 ikastetxetako lehen eta bigarren mailako ikasleek. Lau kategoriatan banatu ditue sariak eta bakotxeko hiruk jaso dabe autortzea, guztira hamabik.

Aurtengo epaimahaia osotu dabenak honeek izan dira: Koldo Narbaiza, Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkaria, Lutxo Egia, Igone Etxebarria, Irune Berro, Irati Malatsetxebarria, Juan Ramón Madariaga, Txani Rodriguez, Luis Gutierrez, Pedro Alberdi, Goizalde Landabaso eta Begoña Idigoras.

Euskerazko ipuin-lehiaketa hau, apurka-apurka, ikastetxeetan finkatu egin da eta urterik urter harrera hobea egiten deutsie. Horren adierazle dira azken edizinoetako zifrak; izan be, 1993.eko edizinoan 120 ipuin aurkeztu zituen eta azken urteotan mila ipuin inguru izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu