El Sol publizidade jaialdia egingo da Bilbon, bagilaren 1etik 3ra

Bizkaie! 2017-06-01 08:08   Kulturea

Espainiako eta Latinoamerikako 193 agentziak parte hartuko dabe eta, ganera, Publizidade Komunikazinoaren I. Batzarra egingo da.

Bilboko Udaleko ordezkariak eta El Soleko antolatzaileak, jaialdiaren aurkezpenean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Publizidade Komunikazinoaren Jaialdi Iberoamerikarrak, El Solek, 32. edizinoa beteko dau aurten. Uri askotan antolatu izan da ekimena hiru hamarkadako ibilbide horretan, baina 2014tik Bilbo da urteroko egoitzea. Gaztelaniazko eta portugesezko jaialdien artean erreferentea da El Sol, bultzatzaileen arabera.

Eguenean, bagilaren 1ean, hasiko da 2017ko El Sol. Hiru urtean behin barritzen da jaialdia eta 2014-2016 aldia amaituta, aro barri bati ekingo deutso. Hazkunde bete-betean zabalduko dau hiru urteko epe barria El Solek, izan be, 2013tik, % 7 egin dabe gora izena emondako piezek.

Aurtego edizinoan 193 agentziak parte hartuko dabe. Guztira, 2.093 pieza erregistrau ditue, iragarkiak eta komunikazinoagaz lotutako ikus-entzunezko laburrak dira horreek piezok. Beraz, alor horretako profesionalek eta adituek aukera ona izango dabe publizidadearen munduko nobedadeak eta jokerak ezagutzeko, gaztelaniaz eta portugesez behinik behin.

Aurreko urteetan legez, pieza onenei Platinozko Eguzkia sariak emongo deutsiez, hainbat ataletan. Horrezaz gan, hiru egunez lehiaketara aurkeztutako piezak ikusi ahal izango dira. Berbaldiak, tailerrak eta kontzertuak be egongo dira. Euskalduna jauregia izango da egitarauaren erdigunea, baina ekitaldi batzuk Guggenheim Museoan egingo dira.

Espainiatik, Portugaletik eta Latinoamerikatik 1.500 profesional inguru etorriko dira El Sol jaialdira. Sektoreko kideen arteko hartu-emonak estutzeko, Publizidade Komunikazinoaren I. Batzarra antolatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu