Kalean da ‘Gerrak ez du emakume aurpegirik’ liburuaren itzulpena

Bizkaie! 2017-05-31 09:45   Kulturea

Iker Sancho EHUko irakasleak euskeratu dau Svetlana Aleksandrovna Aleksievitx Nobel saridun kazetariaren lana.

Iker Sancho, Xabier Mendiguren eta Maria Ubarretxena aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Jokin Zaitegi Itzulpen Sariak ahalbidetu dau kazetari bielorrusiarraren liburua euskeraz argitaratzea. Elkar argitaletxeak eta Arrasateko Udalak bultzatzen dau bekea eta Iker Sancho itzultzailea aukeratu eben horretarako pasa dan urtean. Lazkaotarra Eslaviar Filologian doktorea da. Moskuko Lomonosov unibersidadean euskerazko irakurlea izan zan, eta gaur egun itzulpengintza irakaslea da EHUn. Aurretik Andrei Platonov-en Lubakia  eta Sergei Dovlatov-en Konpromisoa, besteak beste, euskeratu ditu.

Aleksievitxen liburu honetan, II. Mundu Gerran parte hartu eben emakume sobietarren lekukotasunak dira nagusi: mediku eta erizainak, frankotiratzaileak, tanke-gidariak, gerrillari partisanoak... Ehunka ahots batu ditu egileak, euren gomutak eta inpresinoak ezagutzera emoteko. Kazetarien ohiko galdera-erantzun formatutik urrunduz, konfiantzea emon nahi izan deutsie liburuko protagonistei eta lasai berba egin daien nahi izan dau egileak.

Gerrak ez du emakume aurpegirik-en azaltzen dan erretratuak antz gitxi dau historiografia ofizialaren heroitasunagaz: Agiri diran goseagaz, bildurragaz, hotzagaz, zauriakaz eta oinazeagaz batera, beste nesken alkartasuna, gizonezkoen laguntzinoa edo gitxiespena, etsaiakanako gorrotoa edo errukia islatzen dira. Bizitzearen eta heriotzearen arteko hari ganean jantzan, gizatasun sakon baten taupadak helarazoten deuskuz, zirraraz eta dardaraz.

Liburu hau 1984 urtean argitaratu eban kazetari biolorrusiarrak lehenengoz, errusieraz, Gorbatxoven sasoiko Perestroikaren edegiereari esker. Baina hainbat zati zentsureak eta autozentsureak estali edo moldatuak izan ziran. 2002an Aleksievitxek bere lana berridatzi eban, lehenago ezabatutako pasarteak sartuz, eta are nabarmenago geratu ziran holan, gerrearen krudelkeria jasan eben emakume guztien handitasuna.

Aleksievitx idazlea, kazetaria eta gidoilaria be bada. Bielorrusiako egunkari nahiz aldizkarietan lan egin izan dau. 1983tik, dokumentalgintzan oinarrituriko hainbat liburu argitaratu ditu, batez be, Sobietar Batasuneko jendarteagaz loturiko gaiak jorratuz eta ikuspegi nahiko kritiko bategaz: Txernobileko hondamendia, II. Mundu Gerra emakumeen edota umeen ikuspegitik, Sobietar Batasunaren desegiteak eragindako joera sozial bildurgarria... Gai horreek lantzeko informazinoa zuzeneko lekukotzak batzetik lortzen dau, jente arruntari galderak eginaz eta euren erantzunak arretaz entzunez... Sari ugari emon deutsiez haren obreari munduan zehar, horreen artean 2015eko Literaturako Nobel saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu