Alderdi politikoetako ordezkariek literaturearen ganean berba egingo dabe bagilaren 9an

Bizkaie! 2017-05-30 10:24   Kulturea

Euskadiko Idazleen Alkarteak antolatutako saio horretan, Legebiltzarreko alderdiek euren proposamenak azalduko ditue eta jentearen galderei erantzungo deutsie.

Bilboko Azkuna Zentroko Bastida aretoan izango da barriketaldia, bagilaren 9an, barikuan. Literaturaren eta politikaren arteko solasaldia izenburua ipini deutsie saioari. Hain zuzen be, hori da helburua: Politikariek literaturearen ganean berba egitea eta, zehatzago, sorkuntzea zein irakurketea bultzatzeko orduan alderdi bakotxaren proposamenak azaltzea. Argitalpen moduak modu sakonean aldatzen dagozan sasoi honetan, sektore hori sendotzeko bideak be jorratuko ditue.

Eusko Legebiltzarrean gaur egun dagozan bost alderdiek ordezkari bana izango dabe: Garbiñe Mendizabal (EAJ), Miren Larrion (EH Bildu), Lander Martinez (Podemos), Eneko Andueza (PSE) eta Borja Semper (PP). Javier Maura idazlea izango da moderatzailea.

Literaturea eta kulturea alderdi politikoen agendan sartzea da helburua, Euskadiko Idazleen Alkarteak azaldu dauenez. Sorkuntzearen, argitalpenaren eta irakurketearen esfera hirukotxa sendotzeko bideak aztertuko ditue parte-hartzaileek. Hiru zatitan banatuko da saioa: Lehenik eta behin, alderdi bakotxak bere proposamenak aurkeztuko ditu. Ondoren, mahai-ingurua egingo dabe. Amaitzeko, entzuleek galderak egin ahal izango deutsiez politikariei.

Eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia. Sartzea doban da, baina gehienez ehun lagunentzako lekua dago eta kopuru horretara heldutakoan ezin izango da inor gehiago sartu.

Euskadiko Idazleen Alkartea 2010ean sortu zan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako idazleak batzeko. Edozein hizkuntzatan idazten daben autoreak batzen ditue, gaztelaniazkoak gehienbat, eta euskerazkoak be bai. Maria Eugenia Salaverri da alkarteko presidentea gaur egun. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu