Karidadeko Bentak irabazi dau Gipuzkoako Herriartekoa
2017-05-29 09:57 BertsolaritzeaZezeilean hasitako txapelketearen finala jokatu da asteburuan Azpeitian.
Azken urteotan lehenengoz antolatu dau Bertsozale Alkarteak Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketea eta 38 taldek emon dabe izena. Asteasu eta Zizurkilgo Karidadeko Benta eta Amasa-Villabonako Am...ona! sailkatu dira finalera. Ikusleen erantzuna ikusita, badirudi formatu barriagaz asmau dabela antolatzaileek. Esaterako, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko finalean 700 lagun batu dira.
Joseba Otaegi, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika izan dira Karidadeko Bentako ordezkariak oholtzan. Am...ona!-ren partetik, ostera, Oihana Iguaranek, Beñat Iguaranek eta Ander Goikoetxeak kantau dabe. Bost epaile egon dira, tartean talde finalistetako ordezkari bana. Hainbat ariketa egin ditue parte-hartzaileek, batzuk bakarkako txapelketakoen aldean nahiko desbardinak. Azkenean, Zizurkil eta Asteasukoek batu dabe puntu gehien.
Irabazleek txapela jantzi aurretik, Herriartekoan parte hartu daben talde guztietako ordezkariek igon dabe oholtzara oroigarria jasoteko. Ekitaldia biribiltzeko, Am…ona! taldeak jantzi deutso txapela Karidadeko Bentari.
Saioaren ostean, 150 lagun inguruk afaldu dabe Sanagustin kulturgunean. Zezeilean hasitako bideari jai giroan emon deutsie amaierea. 38 taldetan banatuta, 280 personak parte hartu dabe 2017ko Gipuzkoako Herriartekoan. Bertsolariak ez eze, antolatzaileak, gai-jartzaileak eta epaileak egon dira talde bakotxean. Bertsozale Alkartearen esanetan, oinarria auzolana izan da, eta aurrerantzean be asko egongo da egiteko eta gozetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!