Umeentzako lau liburu aurkeztu ditu Elkarrek

Bizkaie! 2017-05-24 09:04   Kulturea

Pikondoaren balada, Munstro txikiak. Hagintxoren tripako mina, Armiarmak parapentean eta Astroak gara lanak argitaratu ditu argitaletxeak.

Idazleetako batzuk liburuen aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxeko txikienek badaukie zer irakurri uda honetan. Elkarreko Xaguxar bildumeak lau liburu gehiago jasoko ditu bere zerrenda luzean. Leire Bilbaok eta Maider Mutuberriak Lizardi saria jaso dauen Pikondoaren balada dakarre besapean. 10 urtetik gorako gaztetxoentzako liburu honek osaba Lukasen istorioa kontetan dau. Ondoko pikondoaren adarretan pasatzen dau eguna protagonisteak, liburuak irakurriz, etxekoakaz berba eginez eta kanta zaharrak abestuz; gerrea heltzen danean be, bertan ezkutaturik geratuko da, armei uko eginda, halako baten, sekula gehiago arbolatik ez jaistea erabagitzen dauen arte. Martiña ilobak kontatuko dau istorioa.

Alaine Agirre eta Xabier Mendiguren idazleak Munstro txikiak. Hagintxoren tripako mina liburuagaz datoz. 8 urtetik gorako umeak eskola bateko bost protagonisten abenturetan murgildu ahal izango dira. Hagintxo, Mamutxo, Sorgintxo, Frankitxo eta Neskaotso dira honeek eta irakaslea barriz, Andereño Herminia. Munstro Txikiak txangoan doaz, mamuak bizi diran gaztelu bat bisitatzera. Torreak, sotoak eta ziegak ikusi ostean, Hagintxo gaixotu egingo da, tripako min gogor batek jota. Haren lagunek ez dakie zer egin, zelan osatu, nora jo…

Maribel Aiertzak eta Jokin Mitxelenenak be 8 urtetik gorako umeentzako liburua dakarre: Armiarmak parapentean. Haize leun gozo batek orrazten ditu belar eta zuhaixkak. Lekua eta eguraldia aproposak dira parapenteak probetako eta horretarako hantxe dagoz Gabriela eta Abelardo armiarma parea. Talaia eder haretatik aztertu dabe uria eta erabagi dabe erroskila itxurako teilaturik bako etxe biribil handian hartuko dabela lur: zezen-plazan. Bidean, ordea, galdu egingo dira eta nahikoa lan izango dabe barriz alkartzeko. Armiarma bien ikuspegitik hainbat abentura bizitzera eta animaliei buruz gogoetea egitera eroango dau ipuin honek irakurlea.

Amaitzeko, Pello Añorga eta Mikel Valverde Astroak gara lanagaz datoz 8 urtetik gorako umeentzat. Protagonistea eta ipuin honetako narratzaileetako bat Arrosa da. Bosgarren mailan dabil eta aurtengo ikasturtea oso berezia izan da, gauza asko gertatu jakoz, batez be Banbari eta Joxeri esker. Banba gelara heldu zanean hasi zan dana. Izan be, gelan asko eta asko aho zabalik geratu ziran ikusi ebenean. Herrian ume afrikar bat ikusten eben lehenengo aldia zan. Banba senegaldarra da eta hasieran ez ekian euskeraz, baina astiro-astiro euskerea ikasteaz gan, gure ohiturak be ezagutu ditu, eta baita guk bereak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu