185 gaztek parte hartuko dabe Bermeoko Bertso Topaketan, eguenean

Bizkaie! 2017-05-23 08:05   Bertsolaritzea

Herriko ikastetxeetako ikasleek urtean zehar landutakoa erakutsiko dabe Kafe Antzokiko jaialdian.

Igazko topaketearen irudia (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Bertsozale Alkartearen plangintzan oinarrituta, Bermeoko Udalak antolatzen dau Gu ere bertsotan programea. Eleizalde ikastolako, San Frantzisko Herri Ikastetxeko, Sagrado Corazón ikastetxeko eta Bermeoko institutuko neska-mutilek bertsolaritzea lantzen dabe ikasgelan ekimen horri esker.

Juan Carlos Agirre Bermeoko Gazteria saileko zinegotziak azaldu dauenez, Bertso Topaketearen helburua da, urtean zehar landutakoa kalera ateratzea, jenteari erakustea. Horregaitik, programan parte hartzen daben ikastetxe guztietako gazteak egongo dira, baita bat-bateko taldeetan dabizanak be. Guztira, 185 lagun. Eguenean, maiatzak 25, arratsaldeko 17:30ean izango da hitzordua, Bermeoko Kafe Antzokian.

Agirreren arabera, Bermeoko II. Bertso Topaketa hau lau zatitan banatuko da: Bertsolaritza ikasleen parte hartze zuzenerako jarduerea izango da lehenengoa; ondoren bertso saioa egongo da; hirugarrenik kantaldia; eta amaitzeko, bertso paper lehiaketearen sari banaketea.

Ander Elortegi eta Jone Larrinaga bertsolaritza irakasleek aurkeztuko eta gidatuko dabe saioa. Bat-bateko ariketan, ganera, herriko bertsolari gazte batzuk egongo dira oholtzan. Giro oso polita egongo dala ziurtatu dau Juan Carlos Agirre zinegotziak.

2016-17 kursoan, laugarren urtez erreskadan landu da Gu ere bertsotan programea Bermeoko ikastetxeetan. Topaketea bera, ostera, bigarrenez egingo da aurten. Lehen Hezkuntzako 179 neska-mutilek bertsolaritzearen inguruko oinarrizko ezagutzea hartzen dabe egitasmoari esker eta, horrezaz gan, Bigarren Hezkuntzako beste bederatzi gazte bat-bateko taldeetan dabiz, Bermeoko Udalaren datuen arabera. Ahozkotasunetik abiatuta, hizkuntzea, kulturea eta trebetasun personalak lantzen ditue ikasleek programako jardueren bidez.

2017/05/25 17:30

Bermeoko Kafe Antzokian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu