Gerra Zibilaren aztarnak dituan urian ibilaldiak eskainiko ditu Bilboko Udalak
2017-05-22 10:06 KultureaBisitak, euskeraz eta gaztelaniaz, martitzenetik zapatura egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserbea egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakian.
Bagilaren 1etik 28ra, Ercilla kalean hasiko dan eta Zabalgunea hartuko dauen ibilbidea eskainiko jako jenteari, euren jardueran Gerra Zibilaren eragina izan eben hainbat leku ezagutzeko, altzatutako indar armatuak Bilbora sartu ziranetik 80 urte laster beteko diran honetan.
Bisitak, euskeraz eta gaztelaniaz, martitzenetik zapatura egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserbea egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakian. Erreserbak maiatzaren 22tik aurrera egin ahal izango dira.
Bilboko Udalak maiatzean ekin deutse barriro uriko leku berezietara egiten diran bisita gidatuei, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programearen barruan. Aurten, azken gerreak eta beste burrukaldi historiko batzuek urian itxitako aztarnak eta historia hartuko ditu ardatz. Maiatzean, gerra zibilaren eragina izan eben Santutxuko leku batzuk ezagutu zituen, eta orain lehenengo horren jarraipena izango dan beste bisita bat eskainiko dabe, baina Zabalgune ingurura.
Kontuak kontu, bagilean Ercilla kalean hasiko dan eta Bilboko Zabalgunea hartuko dauen oinezko ibilbidea eskainiko jako jenteari, euren eguneroko jardunean Gerra Zibilaren eragina izan eben hainbat leku ezagutzeko, altzatutako indar armatuak Bilbora sartu ziranetik 80 urte laster beteko diranean –bagilaren 19an–. Tokiko ondarea ezagutarazoteko bisita gidatu horreek 2005ean jarri zituen martxan, eta bisita kopuruak gora egin dau, jentearen aldetik jasotako harrera bikainagaitik.
Gerra Zibila ekarri eban 1936ko garagarrilaren 18ko altzamendu militarraren ondoren, Bilbok Bigarren Errepublikeagaz leial izaten jarraitu eban. Eusko Jaurlaritzearen behin behineko egoitza be bihurtu zan, altzatutako armadearen esanetara ebilzan hegazkin alemanek eta italiarrek bonbardeetan eben bitartean. Burdinezko Gerrikoaren lerro gotortuak babesten eban uria, baina, azkenean, Francoren indarrak Bilbon sartu ziran 1937ko bagilaren 19an. Bonbardaketaz, momentu gogorrez eta bizirik irauteko burrukaz betetako urte horreetan, Bilboko eraikin asko ospitale, presondegi, hainbat gobernu sailen egoitza, kuartel, iges egindakoentzako ostatu, umezurztegi edo babesleku bilakatu ziran.
Zabalgune ingurua goitik behera aldatu zan hilebete horreetan: hotel bat Eusko Jaurlaritzearen egoitza bihurtu zan, anarkistak goi burgesiaren aretoetatik ebizan atzera eta aurrera, kafetegi bateko sotoa aireko erasoen kontrako babesleku bilakatu zan, Club Deportivo alkartea ospitale bilakatuta, itsasontzi-presondegiak... Momentu gogor hareetan, Bilboko inguru horretako eraikinek euren erabilerea zelan aldatzen zan ikusi eben, bando baten edo bestearen helburuak beteteko. Eraikin horreen bitartez, garai gorabeheratsu haretako Bilbori buruz gehiago jakin ahal izango dau jenteak.
Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, martitzenetan eta eguaztenetan 16:00etan eta 18:00etan; eguenetan eta barikuetan 10:00etan, eta 17:00etan (euskeraz) eta zapatuetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren maiatzaren 27ra arte. Bisitea euskeraz egin nahi daben taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dabe. Bisiteak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dau, eta talde bakotxak, gehienez be, 30 persona izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserbea egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik domekara, 08:00etatik 20:00etara), datorren astelehenentik, maiatzaren 22tik, aurrera. Bisitarako topalekua, Ercilla kaleko 24a izango da.
Bilbao Izan
Programea orain hamabi urte sortu zan, Bilboko biztanleei historian interesa daben guztiei, uriaren ondarea eta bilakaerea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben eraikuntza prozesua ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen gauzatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak Bilbo, hil bakotxean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubriduten eta Hamabi begirada Bilbori programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programeari jarraipena emonez, Kultura Sailak beste pausu bat emon eban, bere arreta ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan eta jazoeretan jarriz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!