Chris Claremont, Getxoko Komiki Azokako konbidadu nagusia

Bizkaie! 2017-05-22 08:17   azokak

Chris Claremont gidoilari ezagunak, X-Men modernoaren sortzaileak, zemendiaren 3tik 5era ospatuko dan Getxoko Komiki Azokan parte hartuko dau.

Idazle britainiarraz gan, beste artista batzuk be izango dira Getxon, esaterako Josep Maria Beà egile bartzelonarra eta Harriet sortzaile gipuzkoarra. Artista bi horreek azokeak komikiaren munduko personaia ospetsuei egiten deutsen omenaldien protagonistak izango dira. Omenaldiak dirala eta, Beà eta Harrieten lan esanguratsuenak batzen dituen erakusketa bi izango dira Getxon.

Chris Claremont (1950, Londres) Marvel argitaletxeagaz lan egiten hasi zen 19 urte baino ez zituala. Debuteko gidoia Nick Furia sailerako urteko zenbaki berezi baterako egin eban. Aldi batean aktore izateko eta antzerki gidoiak egiteko ikasketak buztartu zituan komikigintzeagaz eta handik gitxira erredakzino-laguntzaile lanetarako hartu eben Marvelen. Lehenengo lan arrakastatsua 1974. urtean etorri zan Iron Fist sailean, John Byrne marrazkilariagaz alkarlanean eta, jarraian, Len Wein ordezkatu eban momentura arte arrakastarik ez eban sail batean: X-Men-en hain zuzen be.

Dave Cockrum eta, ondoren, John Byrneregaz taldea eginda, goitik behera barriztau eban saila eta erantzun aparta izan eban. Horren ondorioz, beste sail paralelo batzuk sortu zituen, adibidez Wolverine eta New X-Men. Claremontek mutanteen istorio gehienen gidoiak egin zituan garai horretan, 1986ra arte. 1991n, Marvel itxi eban gidoilari ingelesak eta beste proiektu batzuk hartu zituan Image, Dark Horse eta DC Comics zigiluentzat. 1998. urtean, barriro bueltau zan Marvelera, oraingoan argitaratze-zuzendari lanetan eta baita Fantastic 4 sailaren ohiko gidoilari legez. Ganera, Salvador Larroca ilustratzaile espainiarragaz batera X-Treme X-Men sail barria kaleratu eban. Ordutik hona, beste proiektu askotan parte hartu dau, esaterako Excalibur eta New Excalibur-en eta GeNET mini-sailean.


Omenaldiak


Aurtengo omenaldiak eskarmentu handiko artista bi izango ditu protagonista: Josep Maria Beà eta Harriet. Beà (1942, Bartzelona) Espainian helduentzako komikien boomaren ordezkari nagusienetariko bat izan zan egile katalana eta baita AEBetan bere komikiak garatzen eta gidoiak egiten aitzindari bere. Selecciones Ilustradas argitaletxean abiatu zan arlo profesionalean eta, zenbait aldizkarientzat lan egin ondoren, AEBetako Warren Publishing argitaletxean hasi zan beharrean Creepy eta Eerie aldizkari famatuetan. Espainiako komiki argitalpenak pil-pilean egozanean, istorio ugari marraztu zituan El Papus, Muchas gracias eta Makoki aldizkarietan eta baita zientzia-fikzinozko argitalpenetan, esaterako 1984 eta Zona 84. Ganera, umeentzako eleberri fantastikoak be idatzi zituan eta telebistan be lan egin eban. Azken urteotan bere lan esanguratsuenak barriro argitaratu ditue: En un lugar de la mente, Historias de Taberna Galáctica eta La esfera cúbica.

Gregorio Muro Harriet (1954, Hernani) lehenengo albumak kaleratu zituan 80ko hamarkadearen hasieran tokiko argitaletxetan. La marca de la bruja, Justin Hiriart, Sudor de sol eta Las aventuras de Ion y Mirka sailetako gidoiei esker arrakasta handia izan eban eta bere lanak nazinoartean argitaratu zituen Glénat eta Dargaud zigiluek. 90eko hamarkadan komikia eta animazino zinemarako gidoiak buztartu zituan eta 2015ean Harriet Ediciones argitaletxea sortu eban, gaztelaniaz zein euskerazko komiki eta eleberri grafikoak kaleratzen dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu