Bilboko Arte Eder Museoak eta Gondra-Barandiaran Fundazinoak hartu-emonak sendotu ditue

Bizkaie! 2017-05-18 13:32   Kulturea

Museoaren Patronatuan sartu da Fundazinoa eta, horri esker, jarduera gehiago antolatuko ditue alkarregaz.

Gondra-Barandiaran fundazinoa museoko Patronatuan sartzeko sinadurea (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Museoen Nazinoarteko Eguna aukeratu dabe Bilboko Arte Eder Museoak eta Gondra-Barandiaran Fundazinoak alkarren arteko lankidetzea sendotuko dauen akordioa sinatzeko. 2014tik alkarlanean dabiz erakunde biak baina, aurrerantzean, museoaren Patronatuko kide izango da Gondra-Barandiaran. Honeek egon dira ekitaldian: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta museoko Patronatuko presidentea; Guillermo Barandiaran, Gondra Barandiaran Fundazinoko presidentea; Jose María Guibert, Deustuko Unibersidadeko errektorea; eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria.

Beste urte batez, beka deialdia zabaldu dabe alkarlanean erakunde biek. Aurreko urteetan egin diran hiru deialdietan, 23 gaztek jaso dabe bekea eta museoan bertan trebatu ahal izan dira. Bederatzi hileko egonaldian, gazteek hainbat alorretako ezagutzan sakontzeko aukerea daukie: Bildumak, erakusketak, argitalpenak, artxiboa, liburutegia, administrazinoa eta abar. Bekearen laugarren deialdia, beraz, martxan dago gaurtik (oinarriak hemen).

Beste alde batetik, Gondra-Barandiaran patronatuko kide barria dan ezkero, jarduera barriak be antolatuko dira. Esate baterako, Deustuko Unibersidadeagaz lankidetzan, Gondra-Barandiaran-Museoa Udako Ikastaroak martxan ipiniko ditue.

Museoaren historian lehenengo aldiz, 2017-18 ikasturtean Narratiba barriak, museografia barriak izenburuko programa akademikoa garatuko da. Modu monografikoan, gaur egungo museografiaren joerak aztertuko dira. Ikasturte bakotxean, berbaldiak eta mahai-inguruak egongo dira eta, bertan, nazinoarteko adituek parte hartuko dabe.

Gondra-Barandiaran Fundazinoak laguntzinoa emongo deutso ikastaroan izena emoteko  20 laguneko talde bati. Bekadunen programan dagozan gazteentzat izango da laguntzino horretako zati bat, eurek be ikastaroan parte hartu daien. Jarduera barri honen helburua da, Bilboko Arte Eder Museoa gogoeta zientifikorako eta trebakuntza akademikorako erreferentzia bihurtzea, museografia garaikidearen arlo espezializaduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu