Antxinako gizakiaren inguruko erakusketea Bizkaiko Arkeologi Museoan

Bizkaie! 2017-05-18 08:37   Kulturea

Juan Luis Arsuaga doktoreak diseinautako espazio horretan, Atapuercako eta Lezetxikiko hazurrak ikusi leitekez, besteak beste.

Juan Luis Arsuaga eta Lorea Bilbao, erakusketan (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Burgosko Giza Eboluzinoaren Museoak produzidutako erakusketea urriaren 15era arte ikusi ahal izango da Bilbon, Bizkaiko Arkeologi Museoan. Atapuerca: 4 Buruhezurra izenburua ipini deutsie, izan be, Burgosko probintziako aztarnategi horretan topautako arrastoak batu ditue, baita beste leku batzuetakoak be. Ganera, erakusketea atontzeaz arduratu da Juan Luis Arsuaga Paleontologian doktorea, Atapuercako aztarnategiaren zuzendaria.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak harrerea egin deutso Arsuagari. Bisitaldia gidatu dau adituak eta bertan, erakusketako edukien ganeko zehaztasun guztiak kontau ditu, besteak beste, 4. garezurraren ganeko datuak emon ditu Arsuagak. Orain dala 430.000 urteko hazur hori Atapuercako Hazurren Kobazuloan agertu zan eta, gizaki modernoaren aurreko espezie batekoa dan arren, garun handia eukala ikusten da.

Neurokranio edo garezur-ganga izena daukan aztarnea da 4 garezurra, hau da, arpegia faltau jako. Bilbon haren erreplikea ikusi leiteke. Antxinako gizaki harek osasun arazoak eukazala ondorioztau dabe adituek: Gorra zan eta, seguruenez, buruko mina izaten eban. Zientzialariek Agamenon ezizena ipini deutsie buruhazurrari.

Orain dala 430.000 urte Atapuercan bizi ziranak Homo heidelbergensis espeziekoak zirala uste da, Neandertalen aurreko espezie batekoak. Bilboko erakusketan, antzeko antxinatasuneko beste aztarna batzuk be badagoz. Sasoi haretan egoan dibersidadea garbi ikusten da: Esaterako, Neandertalaren ezaugarrietatik urrunago dago Java ugartean topautako beste buruhazur bat, Homo erectus espeziekoa. Italian, Frantzian, Zambian eta abar topautako aztarnak be ipini ditue.

Horrezaz gan, Euskal Herriko aztarnei lekua egin jake. Arrasateko Lezetxiki kobazuloan topautako gizaki baten humeroaren erreplikea dago ikusgai;  Euskal Herriko giza-arrastorik zaharrena da, orain dala 164.000 urtekoa. Karrantzan agertutako antxinako hartz baten buruhazurra be ipini dabe Arkeologi Museoan.

Horren guztiaren osogarri, Javier Truebaren ikus-entzunezko lana proiektauko da, 4 buruhazurraren indusketa-prozesuaren benetako irudiakaz. Fosil batetik inoz berreskuratu dan gizakiaren material genetiko zaharrenaren genoma mitokondrialaren sekuentzia bat erakusketa baten ikusten dan lehenengo aldia izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu