Aste Nagusiko kartela aukeratzeko lehiaketea antolatu dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2017-05-16 12:29   Kulturea

Bagilaren 9ra arte aurkeztu leitekez proposamenak. Herritarren botoa eta epaimahairen eretxia kontuan hartuta erabagiko da irabazlea.

Urteroko ohitureagaz bat eginaz, Bilboko Udalak 2017ko Aste Nagusiko kartela aukeratzeko lehiaketarako deialdia zabaldu dau. Jaiak iragarriko dituan eta ospakizunaren ikur izango dan kartela izango da irabazlea. Edonork parte hartu leike eta 3.000 euroko sari bakarra emongo da.

Herritar guztiak erabagiaren parte izan daitezan, sistema mistoa erabiliko da irabazlea aukeratzeko, Bilboko Jai Batzordeak erabagi dauenez. Hau da, epaimahaiko adituen balorazinoa ez eze, herritarren botoa be aintzat hartuko da. Ganera, herritarren eretxiak pisu handiagoa izango dau epaimahaiarenak baino (% 66 eta % 33, hurranez hurran).

Bilboko Udalaren webgunearen eta hedabide laguntzaileen bidez emon ahal izango dabe botoa herritarrek. Sistema horrek % 33ko pisua izango dau erabagian. Herritarren eretxiari jagokon ganerako % 33a bozketa presentzial bidez zehaztuko da.

Bestetik, epaimahaian aldaketak egin ditu Jai Batzordeak, diseinuaren alorreko profesionalei leku handiagoa egiteko. Diseinuaren munduko bost aditu, Bilboko Konpartsak erakundeko ordezkari bat eta Bilboko Udalbatzako hiru kide egongo dira epaimahaian.

Proposamenak aurkezteko epea bagilaren 9an, eguerdiko 13:30etan amaituko da. Lehiaketako oinarriak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu