Irailaren 23an hasiko da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bizkaie! 2017-05-16 13:29   Bertsolaritzea

Baigorrin hasiko da aurtengo edizinoa, Bertsozale Alkarteak aurreratu dauenez.

Amets Arzallus, 2013ko txapela irabazi barri (Argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lau urterik behin egiten dan bertso lehiaketeak hamalau saio izango ditu aurten, final laurenetan hasita. Irailaren 23an izango da lehenengo kanporaketea, Nafarroa Behereko Baigorri herrian. Azkeneko edizinoetan ohikoa izan dan legez, Barakaldoko BEC-en jokatuko da finala, abenduaren 17an. Aurkezpen ofiziala irailaren 12an egingo da eta bertan argibide guztiak emongo ditu Bertsozale Alkarteak.

Azken urte biotan egin diran herrialdeetako txapelketetan eskuratu dabe bertsolariek Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea. Horrezaz gan, orain dala lau urteko finalistek zuzenean lortu dabe txartela. Amets Arzallus txapeldunak BECeko finalean itxarongo deutse kanporaketetako zazpi onenei.

Guztira 43 bertsolarik emon dabe izena aurtengo txapelketan lehiatzeko: Amets Arzallus 2013ko irabazlea, Julio Soto Nafarroako txapelduna, Etxahun Lekue Bizkaiko txapelduna, Sustrai Colina Xilabako onena, Maialen Lujanbio 2009ko txapelduna, Miren Amuriza, Igor Elortza eta Jone Uria dagoz izena emonda, besteak beste. Aurreko edizinoko finalista guztiek parte hartuko dabe, Unai Iturriagak izan ezik.

Txapelketa Nagusia bat-bateko bertsolaritzako lehiaketa ospetsuena da eta arreta handiena erakarten dauena, bai publikoarena, hedabideena zein bertsolariena eurena. 1935ean jokatu zan lehenengoz (Basarrik irabazi eban) eta, etenak eten, gaur egunera arte heldu da. Lau urtero antolatzen da orain. 1986tik Bertsozale Alkartearen ardurapean dago.

Aurreko edizinoa, 2013koa, Amets Arzallus hendaiarrak irabazi eban. Orduko txapeldunagaz, Maialen Lujanbio hernaniarragaz, jokatu eban BECeko final handiko buruz burukoa. Beste finalistak honeek izan ziran: Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. 14.500 entzule batu ziran BECeko harmailetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu