Euskadiko 20 konpainiak hartuko dabe parte Umore Azoka Leioan

Bizkaie! 2017-05-12 09:01   Kulturea

Danetara, 51 ikuskizun eta 150 emonaldi baino gehiago eskainiko dituen 50 konpainia hartuko ditu Umore Azoka Leioak. 

Umore Azoka Leioa, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokea, Euskadiko kaleko arte sorkuntzearen erakusleiho nagusi izango da barriro be, estreinaldi izango diran 14 ikuskizun aurkeztuko dituen EAEko 20 konpainiaren presentziagaz. Horrezaz gan, Iparraldeko konpainia bi be etorriko dira eta, ondorioz, aukeratutako konpainien ia erdia Euskal Herrikoak izango dira.

Maiatzaren 18tik 21era Leioan ospatuko dan azokan euskal sektore profesionalak izango dauen presentzia garrantzitsuak, Umore Azoka Leioak bertako kulturearen sustapenagaz dauen konpromisoa erakusten dau, Euskadiko Artxibategi Historikoan bart egindako aurkezpen ekitaldian Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak azpimarratu dauen legez. Ekitaldian Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendariak be hartu dau parte.

Leioan gure konpainien aldeko apustua egiten dogu, baina baita kalidadearen aldekoa ere eta, zorionez, talentu handiko sektore profesional eta artistikoa dogu Euskadin, adierazo dau Urbietak. Aitziber Atorrasagastik berretsi egin dau idea hori; bere esanetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika Sailaren helburu nagusietako bi gure sortzaileak babestea eta ahalik eta ikusgaitasun handiena izaten laguntzea dira. Atorrasagastik gogorarazo dauenez, 22 euskal konpainiak hartuko dabe parte, kalidadezko proposamenakaz, publikoarengana heltzea bermatzen dauen hitzordu honetan.

Umore Azoka Leioaren XVIII. edizinoan parte hartuko daben EAEko 20 konpainiak ondokoak dira: Amaia Elizaran, Cía. Barré, Cía. Tornado, Compañía Eva Guerrero, Compañía Trotamundos, El Gran Rufus, El Mono Habitado, Ertza Dantza, Garazi & Cía., Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatroa, Jaiotz Osa, Kukai Dantza & Brodas Bros, Lekittoko Deabruak, MDV Danza, Mugmus Laborategia, Shakti Olaizola, Teatro a la Boina, Trapu Zaharra, eta Turukutupá. Horrezaz gan, Iparraldeko Bilaka eta Tetes de Mûles taldeek be hartuko dabe parte.

Bertako eszenak be bere lekua izango dau azokako espazioan, eta bigarren urtez jarraian, eskaintza orokorrari Leioako konpainien emonaldiak gehitu jakoz; esangura horetan, Tokiko Eszena programearen barruan, Leioako Musika Bandeak Sustraiak kontzertua eskainiko dau 20. urteurrena ospatuz.

Euskal konpainiek azokeagazko erakusten daben interesa agirian geratzen da, baita bere, aurreikusitako estreinaldi kopuru garrantzitsuan: 14 ikuskizun lehen aldiz ikusi ahal izango dira Leioan; horrek erakusten dau Umore Azoka Leioaren hitzordua gorriz markauta dagoala euskal konpainien agendetan.


Programazino kaleidoskopikoa

XVIII. edizinoan parte hartuko daben konpainien aukeraketarako 500 proposamen baino gehiago aztertu dira; holan, jarduera egitarau trinkoa eta kaleidoskopikoa diseinau da, barrikuntzearen eta aniztasunaren aldeko apustua eginez eta, batez be, edozeinek gehien gustoko dauen ikuskizuna topau ahal izango dauen diziplina anitzeko ikuskizun aukera zabala eskainiz.

Kontuak kontu, Umore Azoka Leioan mueta guztietako generoek izango dabe lekua, musikeak, bertsolaritzeak, magiak, clownak, pirotekniak, multimediak, txotxongiloek eta automatek, baita fakirismoak bere. Eta beste gauza bat be izan behar da kontuan, horreetako gehienak Leioako kaleetan ikusi ahal izango diala lehen aldiz.

Umore Azoka Leioan parte hartuko daben euskal konpainietako zenbait Bilbon egindako aurkezpen ekitaldian egon dira. Bertan, El Gran Rufus-ek Pink impact ikuskizunaren zati bat eskaini dau. Konpainia guztiek ikus-entzuleak eta agertokiak konpartiduko ditue Estaduko beste lekuetatik eta beste herrialde batzuetatik etorritako beste 28 konpainiagaz. Danetara, 51 ikuskizun eta 150 emonaldi baino gehiago eskainiko dituen 50 konpainia hartuko ditu azokeak.

Leioako Udalak azpimarratu egin dau Umore Azoka Leioaren konpromisoa, eta Kukai Dantzaren eta Brodas Bros katalanen Topa ikuskizuna Leioako azokeak produzidu dauela gogorarazo dau, Oloteko Sismògraf-egaz batera. Euskal jantza tradizionala eta hip-hop-a buztartzen dituan Topa Leioan estreinauko da aurten.

Alderdi profesionalaren barruan, azokako 4 egunetako goizetan egingo diran jarduera paraleloez gan –Artekale espazioan, batez be–, 3 sari nagusiakaz jarraituko da: Kaleko ikuskizun onenaren saria, Euskadiko kaleko ikuskizun onenaren saria, eta aparteko garrantzia hartzen dagoan ikuskizun/artista onenaren saria. 2016an, irabazleak Philo&Jole Mr. Pichichi ikuskizunagaz, Compañía Vendaval Soif lanagaz, eta Larrua konpainia Larrua ikuskizunagaz, izan ziran.

Gogorarazo behar da maiatzaren 19an, 14:30ean, XVIII. edizinoan parte hartuko daben konpainien harrera ofizial ekitaldia egingo dala eta Umore Azoka Leioa 2016ko sariak banatuko dirala. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2017 Sari Berezia be bertan banatuko da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu