Nazinoarteko errugbiaren erakusleku izango da Bilbo hileon

Bizkaie! 2017-05-11 11:48   Kulturea

Bertoko eta kanpoko jokalariak batuko dira maiatzaren 21 eta 22ko txapelketan, Bilbao Universitario klubak antolatuta.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Mila lagun baino gehiagok parte hartuko dabe urtero egiten dan txapelketan. Arduradunen arabera, parte hartze kopurua handitu egin da eta aurten, 38 talde lehiatuko dira Bilboko Errekalde kiroldegian.

Aurtengo edizinoan, ganera, aniztasuna egongo dala azpimarratu nahi izan dabe antolatzaileek, izan be, umeen kategoriaz gan, emakumezkoen talde ugari izango dira. Bilboko taldeakaz batera, Euskal Herriko beste herri batzuetako, Espainiako, Frantziako eta Irlandako taldeek parte hartuko dabe. Partiduak goizez eta arrastiz izango dira eta sartzea doban izango da.

Txapelketeagaz batera, Universitario Bilbao Rugby Club taldeak Rugby Bilbao Hiria Sariaren bigarren edizinoa aurkeztu dau, kirol horretako balioak saritzen dituana: talde-lana, errespetua eta diziplinea besteak beste.

Holan, Euskal Herriko Down Sindromearen eta bestelako Adimen Urritasunen Fundazinoko presidente Pilar Gradosek jasoko dau autortzea, gizarteratzearen alde egindako lanagaitik. Gazte-gaztetatik gizarte-mobimenduetan ibili da Grados, bai gazteen jarduerak dinamizetan, bai gizarte-bazterkeria arriskuan dagozan familiei arretea emoten be, Caritasen bidez. Era berean, Universitario Bilbao Rugby Clubeko eskolako gazteek Gradosen esperientziatik ikasi ahal izango dabe, topaketea izango dabelako beragaz barikuan, maiatzak 12, 19:00etan, Euskal Museoaren atrioan. Bertan, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak emongo deutso saria Gradosi.

Kirola eta gizartearen aldeko lana buztartzen dituan ekimen honetan, Universitario kluba ez eze, Bilboko Udala be bada bultzatzailea. Horregaitik, aurkezpena udaletxean egin da. Bertan izan dira Oihane Agirregoitia zinegotzia, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendari Carlos Sergio, Bizkaiko Errugbi Federazinoko presidente Gervasio de la Fuente eta Universitarioko ordezkari Aitor Jauregi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu