Egitarau zabala zapatuan, Ondarroako Antxoa Egunean

Bizkaie! 2017-05-10 13:26   Kulturea

Aurten Ondarroako Udalak antolatuko dau jaia. Zidarrezko Antxoa saria Arri eta Botx bertsolariei emongo deutsie.

Leire Beitia zinegotza eta Zunbeltz Bedialauneta alkatea, Antxoa Eguneko kartela erakusten (argazkia: Ondarroako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Herriarentzat Antxoa Egunak daukan garrantzia ikusita, Udalak erabagi dau antolakuntzaz arduratzea. Izan be, orain arte ospakizunaren bultzatzaile izan diran eragileek zailtasunak ikusi ditue aurten zeregin horregaz segiduteko. Edozelan be, Ondarroako Udalak ziurtatu dau, herriko alkarte eta tabernariakaz batera antolatu dauela 2017ko Antxoa Eguna.

Maiatzaren 13an, zapatuan, da hitzordua. Aurreko egunetan be jarduera batzuk egongo dira Ondarroan. Herritarrek zein kanpotik datozanek egunaz disfrutau ahal izango dabe programazino zabal eta askotarikoari esker, Zunbeltz Bedialauneta alkatearen ustez.

Ohitureari kasu eginaz, zapatu eguerdiko 12:00etan turruna joko dabe eta horregaz hasiko da jaia. Antxobea eta itsasoa ardatz dirala, ekintza ugari egongo dira aukeran. Esate baterako, pintxoak probau ahal izango dira Kantoipeko eta Nasa kaleko erakusmahaietan, baita herriko tabernetan be. Tabernen arteko pintxo lehiaketea be antolatu dabe. Kalare Deuna kofradiak 600 kilo antxoba inguru emongo ditu pintxotarako.

Arratsaldean, barriz, kirola eta musikea egongo dira, trainerillen estropadearen eta kale animazinoaren eskutik. Ondoren, kontzertua, Ezten Giro taldeagaz. Antxoa Eguna girotzen joateko, baina, aurreko egunetan be izango dira hainbat proposamen herrian. Gaur, eguaztena (19:00), Leo Belastegik berbaldia emongo dau Kofradia Zaharrean. Bihar beste berbaldi bat egongo da Etxelilan, eta musikea Alde Zaharrean. Egitarau osoa, hemen.

Ondarroako alkarteei edo personei omenaldia egiteko asmoz, urtero emoten dira Zidarrezko Antxoa sariak. Jon Arrizabalaga Arri eta Jose Mari Aranbarri Botx bertsolariak sarituko ditue aurten; euren ibilbide luzean Ondarroako bertsolaritzeari egindako ekarpenagaitik egingo deutsie gorazarrea, Udalaren arabera.

2017ko Antxoa Eguneko kartela Andoni Garcia herriko sortzaileak disenau dau.

2017/05/13 Goiz eta arratsalde

Ondarroan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu