Bilbon banatuko ditue 'gastronomiaren Oscar sariak' 2018an

Bizkaie! 2017-05-10 08:02   Jan edanak

The World's 50 Best Restaurants sariketea Restaurant aldizkariak antolatzen dau. Euskal gastronomiaren omenez, Bilbon izango da datorren urteko ekitaldia.

Brett Graham, Unai Rementeria, Elena Arzak eta Eneko Atxa, Londresko aurkezpenean (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gastronomiaren alorreko Oscar sariak dirala esaten da. Restaurant aldizkariak urtero egiten dau munduko 50 jatetxerik onenen zerrendea eta zeresan handikoa izaten da; sukaldariek, jatetxeetako arduradunek eta kritikariek emoten dabe eretxia, sariok erabagitzeko orduan.

Eneko Atxa bizkaitarrak Londresen daukan jatetxean agerraldia egin dabe Bizkaiko Foru Aldundiko agintariek, Restaurant aldizkariko ordezkariek eta euskal sukaldari batzuek. Eneko Atxa bera eta Elena Arzak egon dira bertan, baita Brett Graham sukaldari ingelesa be. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia be han izan da.

Gastronomia eta sukaldaritzako kultura aberatsak daukaz Euskal Herriak, Restauranteko arduradunen esanetan. Horregaitik, 2018ko sariak Bilbon banatuko dira. Jatetxe onenak zeintzuk diran esateko ekitaldi nagusia ez eze, gastronomiagaz lotutako beste jarduera batzuk be egingo ditue, Bilbon eta Donostian.

Unai Rementeriaren esanetan, 2018ko hitzordu horrek aukerea emongo dau euskal gastronomia munduari erakusteko: Guretzat, gastronomia, plazerra ez eze, kulturea da, euskal sukaldaritzea gure baloreen erakusgarri da. Munduko ekitaldi gastronomikorik garrantzitsuenetako bat da The World's 50 Best Restaurants, Ahaldun Nagusiaren ustez.

Sariketa hau hartuta, Euskal Herriak munduko gastronomiaren erreferenteetako bat izateko bidean aurrerapausua egingo dauela dino Rementeriak; Restauranteko zerrendan bertan, 50 onenen artean lau euskal jatetxe dagozala azpimarratu dau: Etxebarri erretegia Atxondon (6. lekuan), Mugaritz (9.a), Arzak (30.a), eta Azurmendi Larrabetzun (38.a). Biztanleko Michelin izar gehien dauen herrialdea da Euskal Herria.

Ganera, Arzak jatetxeak 120 urte beteko ditu aurten; horregaitik, sariketeagaz batera egingo diran ekitaldi batzuk Donostian antolatuko dira. Euskal sukaldaritza ospetsua, ardao bikainak eta euskaldunen harrera beroa ezagutzeko aukerea izango dabe bisitariek, adierazo dau Charles Reed Restauranteko zuzendariak. Munduko sukaldari eta aditu entzutetsuak erakarten ditu sariketeak.

2002an emon zan The World's 50 Best Restaurants saria lehenengoz. Beti Londresen antolatu izan da ekitaldia, baina 2016an New Yorken egitea erabagi eben antolatzaileek. Aurten Australiako Melbournen egin dabe eta datorren urtean Bilboren txandea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu