Solluben alkartuko dira domekan Deiadar Mendien zaleak

Bizkaie! 2017-05-09 11:15   Kulturea

Bizkaiko Batzar Nagusiek maiatzaren 14an antolatu dabe Deiadar Mendien aurtengo jaia. Historia, kirola eta naturea batuko dituan txangoa izango da.

Sollube mendiko tontorra, antenaduna (argazkia: Wikiloc) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko sistemearen parte izan ziran sasoi baten Deiadar Mendiak: Gorbeia, Kolitza, Oiz, Sollube eta Ganekogorta tontorretatik zabaltzen zan Gernikara joateko deialdia. Historiaren eta mendizalertasunaren ikuspegitik daukien esangurea aintzat hartuta, urtero ospatzen dabe Batzar Nagusiek Deiadar Mendien Jaia. Urtero, txandaka, tontor horreetako batera igoten dabe eta, aurten, 14. edizinoan, Sollube (684 m) izan da aukeratua.

Bizkaiko Batzar Nagusiak berrezarri ziranetik 25 urte bete zirala eta, 2004an ipini eben martxan ospakizun hau. Deiadar Mendien magaleko herrietako mendizale taldeek laguntzen dabe antolakuntzan: Sollube 707-k, Balmaseda MT-k, Gailurrak, Ganzabalek eta Alpino Tabirak.

Herritar guztiei zabalik egongo dan ibilaldia da domekakoa. Ibilbide bi egongo dira aukeran. Lehenengoa goizeko 09:30ean hasiko da, Bermeoko Taraskan. Bigarrena, 10:00etan, Arrietako udaletxearen aurretik. Sei kilometro inguruko igoerearen ostean, tontorrean ospakizuna egingo da eta eguerdian adarrak joko dira, tradizinoari kasu eginaz. Mokadutxua, jantzak eta musikea egongo dira ostean, Solluben bertan.

Ibilbide errazak dira bai Arrietakoa eta baita Bermeokoa be. Beraz, ia edonorentzat aproposa izango da. Aurreko urteetan mendizale eta historiazale ugari batu dira Deiadar Mendien jai honetan. Parte hartzea doban da.

Bermeoko Sollube 707 mendizale klubagaz batera, Mungiako Tallu Mendizalek be parte hartu dau aurtengo antolakuntzan. Eguneko ekitaldiak amaitzeko, talde horreetako kideek adarra emongo deutsie Durangoko Alpino Tabira klubeko ordezkariei, datorren urteko Oizeko igoerea eurek preparauko dabe eta.

2017/05/14 .

Solluben

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu