Bertsoa Bizi Gazte eguna, zapatuan Legution

Bizkaie! 2017-05-08 10:59   Bertsolaritzea

Bigarren Hezkuntzako ikasleek ikasturtean zehar landutakoa erakutsiko dabe ospakizunean. Bertsoa, euskerea, gazteak eta sorkuntzea batuko dira Legution.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 18 ikastetxetan, mila ikasle inguru ibili dira Bertsoa Bizi Gazte ekimena lantzen aurtengo kursoan. Hortik, 16 talde antolatu dira eta bakotxak bideo bat sortu dau. Maiatzaren 13an, zapatua, erakutsiko da gazteek egindako lana. Horrezaz gan, egun osoko egitarauari esker, ondo pasetako aukerea izango dabe gazte bertsozaleek.

Araba da Bertsoa Bizi Gazteren ardatza eta, hortaz, zapatuko jaia be herrialde haretan egingo da, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak jakitera emon dauenez. Legutio aukeratu dabe, hain zuzen. Arabako beste herri batzuetatik hara joateko autobusak ipiniko ditu alkarteak.

Goizeko 10:30ean hasiko dira jarduerak. Gazteek egindako bideo guztiak erakutsiko dira. Bertsoagaz batera, rapa, abesti ezagunak eta abar tartekatu ditue bideoklipetan. Txalometroaren bidez neurtuko dabe lan bakotxaren arrakastea. Araba guztiko parte-hartzaileak dagoz lehiaketan: Gorbeialdekoak, Lautadakoak, Gasteizkoak, Arabako Errioxakoak, Añanakoak eta Mendialdekoak.

Bertsoa Bizi Gazte eguneko jaia aprobetxauko dabe, ganera, Arabako Eskolarteko finala jokatzeko. Hori hamaiketakoaren ostean izango da, 12:00etan, eta bost finalista egongo dira oholtzan: Aitor Ugarte, Aroa Arrizubieta, Markel Yoller, Martin Abarrategi eta Unai Anda.

Bazkaldu eta gero, jaigiroa helduko da. Musikea eta jantzea egongo dira, baita bertsoa eta rapa be. Horrezaz gan, sariak emongo jakez lehiaketako irabazleei.

2017/05/13 Goiz eta arratsalde

Legution

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu