Oier Guillan: 'Teatroaren asmoa jenteari galderak proponidutea izan behar da'

Ainhoa Lores 2017-05-08 11:18   Barriketan

Miss Karaoke antzezlanaren zuzendaria.

Identidadeari buruzko gogoeta sakona dakar Miss Karaoke antzezlanak oholtza ganera, umore absurdoa eta poesia bisuala osogai dituan performancea. Metrokoadroka Sormen Laborategiak eta Pez Limbo konpainiak alkarlanean sorturiko obreak datorren zapatuan, maiatzaren 13an, izango dau hurrengo geralekua arrastiko 20:00etan  Donostiako Antzoki Zaharrean. Oier Guillan (Donostia, 1975)  antzerkigile eta idazlea da pieza honen zuzendaria eta berak emon deuskuz argibide gehiago emonaldiaren inguruan.


1.- Metrokoadroka eta Pez Limbo konpainiek sortutako antzerki obrea izanik, zein hizkuntzatan abestuko dau Miss Karaokek oholtza ganean dagoenean?

Antzezlana euskeraz da berez. Gaia identidadea da, gorputzari loturiko gaiei eta hizkuntzari atxikitua. Hori dala eta, testu batzuk (% 15?) gazteleraz sartu doguz, gaiagaz bat etorrelako: jatorri erdalduneko persona batek euskeraz biziteko aukerea egiten dauenean gauzatzen dauen transizino kulturala eta emozionala islatu nahi izan dogu, eta hori nabarmentzeko erabili dogu erderea.


2.- Nor da Miss Karaoke?

Miss Karaoke personaia bat da, baina bada hori baino gehiago be: Miss Karaoke idea bat da, norbere identidadearen inguruan bere buruari galderak egiten deutsazan edozein persona izan leike Miss Karaoke, baita publikoa be. Hori adierazoten saiatu gara. Iñaki Ziarrustak jokatzen dau batez be Miss Karaokeren rola, baina aktore guztiak sartuko dira momenturen baten Miss Karaokeren azalean. Zentzu horretan, oso lan korala da.


3.- Miss Karaoke galdera bategaz lotzen dozue. Zein da galdera hori eta nori zuzenduta dago?

Berez Miss Karaoke galderez beteriko antzezlan bat da. Bere asmoa publikoari galderak helarazotea da; taldean gagozanok kezkatzen edo arduratzen gaituenaren inguruan, batez be identidadearen gaiaren inguruan. Gure buruari zuzentzen deutsaguzan galderak dira, eta publikoagaz konpartiduten doguz. Gure ustez, teatroaren asmoa jendarteari galderak proponidutea izan behar da. Antzerkiak une berean, leku berean jente bat alkartzen dauen heinean badau zeozer erritualetik, eta oso plaza interesgarria da jendarte horretan egon leikezan galderei oihartzun egiteko. Guk ez dogu erantzunik adierazoten, hori norberaren gauzea da, publikoan dagoen persona bakotxaren gauzea.

Hortik aurrera, galderak jakina, ez dira intentzinorik bakoak, ez dago ezer neutraletik edo objektibotik. Antzezlanean plazaratzen doguzan galdera gako batzuk dira: Zerk definiduten zaitu? Identidadea aukeratu egiten da, edo identidadeak aukeratzen zaitu zu? Aukeratu neike nire gorputza? Zer aukeratu neike?


4.- Jentearengan zer eragiteko sortu dozue?

Galdera handi baten efektua, galdera bat konpartidutea. Galdera batek eragiten dauena sortu nahi geunke publikoagan. Norbera bere erantzun edo gogoetekaz joango da etxera. Eta bestetik, olgetea: antzerkia olgetea da, eta gure ustez edozein gairen inguruan sortu leike umorea, ironia, zirtoa.


5.- Kultur erreferentziei eta eguneroko hizkuntz hautuari jagokonez, kontraesan biografikoak onartzeko ahalegina egiten ikusiko dogu Miss Karaoke, baina zelan?

Maila biografikoan zein fisikoan, ustez emona jatorkun eta ustez higiezina dan horren eta norberak izan nahi dauena izateko intuizinoaren artean dagoan tensinoa islatzen dau Miss Karaokek. Hizkuntzearen gaiaren kasuan, batez be jatorri erdalduneko euskaldun barri-zaharrek bizi dogun gatazka identitarioa islatu nahi izan dogu, azkenean herentzien ganetik norberaren aukerearen garrantzia azpimarratuz.


6.- Nondik dator Miss Karaoke sortzearen idea?

Bi arlo buztartu dira Miss Karaoke sortzeko beharrean: batetik, neuk maila personalean teatro-testuak idazterakoan egin dodan bilaketa generoa eta gorputzari loturiko gaietan, eta hizkuntz aukeraketeari loturiko gaietan (Mr. Señora eta Hautudeterminazioa izan leikez lan honen aurrekariak). Baneban maila horretan zeozer ixteko edo amaitzeko beharra. Bestetik, Metrokoadrokan azken urteetan landu dogun arloetako bat garatzeko beharra, batez be Poza eta Su izan nahi lanen harira egindakoa. Miss Karaokek zeozelako trilogia bat osotuten dau hareekaz, desbardintasun bakarra da normalean aktore gabizanak oraingo honetan zuzendaritzan egon garela.


7.- Mr. Señora zure testu batean oinarritutako ikuskizuna dogu. Miss Karaoke barriz, aktore desbardinen ideetan oinarritutako antzerki obrea, baina zertan egiten dabe bat biek? Eta zertan ez?

Metrokoadrokan antzerkia eta testuaren arteko harremanean etenbako bilaketan gabiz, neurri handi baten literaturatik edo idazletzatik gatozelako, poesiatik batez be, baina era berean sinisten dogulako antzerki fisikoan eta dramaturgia barriak deiturikoetan. Esangura horretan, Mr. Señora batez be liburuko testu baten irakurraldi teatralizadua da, ez antzezlan bat esangura zarratuan. Miss Karaoke ez da irakurraldi bat, hasi eta amaitu antzezlan bat da, eta horrek esan nahi dau sortze prozesua desbardina izan dala. Nire testu batetik abiatzen da, baina nik antzerkian idazletzea modu kolektiboan ulertzen dot. Nire testua lantaldeari egiten deutsadan probokazino bat da, aktoreei zein zuzendaritzan dabilzanei luzatutako probokazinoa, eta gero inprobisazinoetan sortzen danagaz buztartuta sortzen dira dramaturgia eta testu definitiboa. Ez dot uste antzerkian testuari dimensino sagratu bat emon behar jakonik. Ez dot uste autoreari potere bat emon behar jakonik. Autorea taldekide bat gehiago da, eta esangura horretan bere testu-probokazinoa esaldi bakar batean geratzen bada be, uste dot onartu egin behar dauela. Hori bai, seguru nago esaldi bakar hori mundiala izango dala.


8.- Miss Karaoke
taldean egindako lanaren ondorioa dala dinozue, baina zelakoa izan da sortze prozesua eta egonaldi artistikoa?

Metrokoadroka kolektiboaren kasuan garrantzi handia ematen deutsagu sorkuntza prozesu kolektiboei. Horrek ez dau esan nahi, jakina, talde baten barruan rolak ez dagozenik edo une oro norabide bat ez dagoanik. Gure lan egiteko moduan sano garrantzitsua dau, adibidez, aktorea sortzailea izatea eta ez interprete hutsa. Neu batez be idazketeaz eta dramaturgiaz arduratzen nazen heinean, hasikera baten testu batzuk idatzi arren probokazino modura, lanean hasteko atxakia modura, benetako idazketea sortze prozesuan zehar egiten dot talde osoagaz batera. Kasu askotan idazleek eurek idazten ditue testu zatiak, edo inprobisazinoetan sortzen dira, neuk kanpotik egindako proposamen-probokazinoen harira.

Taldekide guztiok hain gagoz sortze prozesuan sartuta, kosta egiten dala gerora beste norbait irudikatzea aktore horreen azalean. Ez dau aurretiaz idatzitako testu batek, dramaturgia batek, edo aginte batek gidatzen sortze prozesua; sortze prozesuan berean emoten da antzezlana izango dan horren negoziazinoa. Bakotxak prozesuan egokitu jakon roletik egingo dau proposamena: aktorea, argiztatzailea, zuzendaria, idazlea, erropa egilea... Hori da gure kasuan, Dramaturgia barriak deitzen jakon arlo horren testuinguruan guk kokatzeko dogun modua.


9.- Zelakoa da eszenografia?

Minimalistea, lau edo bi jesarleku eta mahai bat. Gure lanetan gero eta gehiago erabilten dogu espazio hutsa. Aktoreek beren gorputzekaz eta erropearen erabilereagaz sortzen ditue espazioak. Horren lagungarri da argiztapen kreatiboa, kasu honetan David Alcortaren esku egon dana.

Aktoreak obra honetan ez dira interprete hutsak: aktore-sortzaileakan sinisten dogu, beraz oso sartuta egon dira sorkuntzan eta dramaturgia definitiboaren eraikuntzan. Bakotxak personaia bat baino gehiago, energia desbardin bat eskainiko deutso obreari. Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Jabitxin Fernandez eta Iñaki Ziarrusta aurretik alkarregaz lan egin bakoak ziran, eta sekulako indarra sortu da euren artean. Guk obrak sortzeko dogun moduan, aktoreak sortzaileak diran neurrian, ordezkaezinak dira, personaia bakotxa aktorearen eta ekarpenen neurrira eregiten dogu guztiz. Miss Karaoken egindako lana oso-oso fisikoa da.


10.- Aktore bakotxaren funtzinoa Mr. Señoran baino presentzialagoa izango dala dinozue, baina zelakoa izango da?

Aktoreak obra honetan ez dira interprete hutsak: aktore-sortzaileakan sinisten dogu, beraz oso sartuta egon dira sorkuntzan eta dramaturgia definitiboaren eraikuntzan. Bakotxak personaia bat baino gehiago, energia desbardin bat eskainiko deutso obreari. Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Jabitxin Fernandez eta Iñaki Ziarrusta aurretik alkarregaz lan egin bakoak ziran, eta sekulako indarra sortu da hareen artean. Guk obrak sortzeko dogun moduan, aktoreak sortzaileak diran neurrian, ordezkaezinak dira, personaia bakotxa aktorearen izaerearen eta ekarpenen neurrira eregiten dogu guztiz. Miss Karaoken egindako lana oso-oso fisikoa da.



11.- Gasteizen estreinau dozue obrea dagoeneko. Zelako harrerea izan dau?

Harrera bikaina. Gasteizen jente asko egon zan, eta publikoa oso hur sentidu genduan, lehen momentutik ganera. Metrokoadrokaren antzezlanetan ohikoa izaten dira muturreko erantzunak, hau da, edo guk proponiduten doguzan antzerkia egiteko moduekaz guztiz konektetan daben personak, edo lhasieratik kanpoan sentiduten diranak. Kontziente gara ez doguzala ohiko kodeak proponiduten antzerkia egiteko orduan, kasu askotan hurrago gagoz performancetik eta poesiatik personaia klasikoetan oinarritutako antzerki narratibotik baino. Gasteizen, esan deuskuenagaitik, gure egiteko modua ulertzeko gatxa egin jakona be egon zan, edo adierazoten doguzan hizkuntzeari eta gorputzari buruzko galdera ezerosoak egin jakozanik... Baina guk horreek guztiak umore handiz helarazoten saiatzen gara, aktoreek olgetarako energia handi bat transmitiduten dabe oholtzan, eta guztiaren ganetik uste dot hori bera gailendu zala publikoan: norberak identidadeari buruzko bere gogoetea egin izanagaz batera, ondo pasau izanaren sensazinoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu