Eleizalde Ikastoleari emongo deutsie aurtengo Hegaluze Saria

Bizkaie! 2017-05-04 13:46   Kulturea

Bermeoko Arrain Azokan emoten dan saria da. Herriko ondarea zabaltzeagaitik sarituko dabe Eleizalde Ikastolea. Ganera, mende erdia beteko dau aurten.

Eleizalde Ikastolea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko Udalak ohar baten jakin eragin dauenez, Eleizalde Ikastoleak jasoko dau XXIII. Arrain Azokearen Hegaluze Saria. Bermeoko itsas eta arrantza ondarea balioan jarteagaitik eta horren transmisinoa belaunaldien artean bermatzeagaitik, epaimahaiak adierazo dauenez. Ganera, Eleizalde Ikastoleak 50 urte beteko dituan urtean emongo jako Hegaluze Saria.

Epaimahaiak azaldu dauenez, honeetan urte guztiotan, Eleizalde Ikastoleak Bermeoko herriaren alde lan garrantzitsua egin dau, gure itsas eta arrantza ondarea balioan jarri eta horren barri emon dau. Arrain Azokan bertan ikastoleak egindako lana eta ekarpena nabarmendu dau epaimahaiak. Izan be, Arrain Azoka Alkarteko kidea izan da sortu zanetik, orain dala 23 urte.

Horrezaz gan, Eleizalde Ikastoleak Arrain Azokan erakusmahaia izan dau hainbat urtean eta, bertan, itsasoaren eta arrantzearen mundua erakutsi dau, era parte-hartzailean. Erakusketa eta tailerren bidez, itsasoko ogibideak gizarteratu ditu: sareginak, itsas korapiloak... Hartara, hizkuntzea eta herri identidadea be sustatu ditu hainbat jardueraren bidez.

Hori gitxi ez, eta Eleizalde Ikastoleak Bermeoko Arrain Azokako pintxo lehiaketea antolatzen dau. Orain dala 15 urte hasi zan zeregin horretan, eta gaur egun pintxo lehiaketako tabernen ibilbidea be badago, herritarrek zein bisitariek arrainagaz egindako pintxo gozoak dastatu ahal izateko.

Hegaluze Sariaren bidez, ekintza jakin bat edo ibilbide bat saritu nahi da urtero. Bermeoren izena zabaldu eta goratu dauenari edo herriaren alde lan egin dauenari emoten jako saria, Arrain Azokan. Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen dau, Arrain Azoka Alkartearen babesagaz.

Hegaluze Saria Eleizalde Ikastoleari emoteko ekitaldia Nestor Basterretxea aretoan egingo da, maiatzaren 19an, barikua, 12:30ean. XXIII. Bermeoko Arrain Azokea maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango da eta hiru egunotan konserbak dastatu eta erosteko, jai giroan sartzeko eta programa zabal bategaz disfrutetako aukerea egongo da herrian, Bermeoko Udalak aurreratu dauenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu