Musika alternatiboaren topaleku izango da Galdakaoko Kaiola festibala

Bizkaie! 2017-05-03 12:09   Musikea

Maiatzaren 27an egingo da topaketa horren bigarren edizinoa. Bertoko eta kanpoko taldeek parte hartuko dabe.

Ohikoak ez diran proposamenak zaleei hurreratzeko eta musika alternatiboaren nondik norakoak ezagutzeko helburuz sortu zan igaz Kaiola festibala. Galdakaoko Udalak uste dau esperientzia ona izan zala eta, beraz, aurten bigarren edizinoa antolatu dau. Aritza Landaluze jaialdiko arduradunak eta Ainhoa Agirregoikoa Galdakaoko Kultura zinegotziak aurkeztu dabe Kaiolako egitaraua.

Musika alternatiboaren eremuan zeresana emon daben talde eta artistak ekarteko ahalegina egin dau Galdakaoko Udalak. Aitagarria da, esaterako, Fred Frith britainiarra, ibilbide oparoko musikaria. Italia eta Estadu Batuetako JookloZappa eta Belgikako Pak Yan Lau taldeak be Galdakaon izango dira. Euskal ordezkaritzeari jagokonez, Jupiter Jon eta Akauzazte egongo dira oholtzan.

Egitaraua igazkoa baino ilunagoa da, Aritza Landaluzeren ustez. Arriskua hartu dogu, ohiko arauetatik urtenda, zeozer desbardina eskaini gura dogu eta. Edozelan be, kalidade handiko musikea entzun ahal izango dala ziurtatu dau.

Topagune izateko asmoz sortu da Kaiola festibala baina, funtsean, kontzertuz betetako gaualdia izango da. Era horretara, zirkuitu masifikaduetatik kanpo dabizan taldeak publikoari erakutsiko deutsiez eta musika klase horretaz disfrutetako aukerea emon. Ainhoa Agirregoikoa zinegotziak azpimarratu dau alternatiba kulturalak batzea dala helburua, musikea oinarri dala. Hurrengo urteetan hazten segiduko dauen jaialdia dala dinoe antolatzaileek.

Maiatzaren 27an, beraz, Torrezabal kultura etxean izango da hitzordua, 19:30ean hasita. Sartzea doban izango da.

2017/05/27 19:30

Galdakaoko Torrezabal kultur etxean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu