Laura Ruiz eta Nora Aurrekoetxearen artelanak, Bilboko Rekalde aretoan

Bizkaie! 2017-05-03 08:37   Kulturea

Barriek programearen barruan, Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan ikusgai egongo dira artista gazte bien lanak, bagilaren 25era arte.

Erakusketan ikusi leitekeen irudi bat (argazkia: Rekalde aretoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sormen artistikoa bultzatzeko beka-programea da Barriek, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatua eta Bizkaian lan egiten daben artista gazteei zuzendua. 2017ko edizinoan laguntzinoa jaso dabenen artean dagoz Laura Ruiz eta Nora Aurrekoetxea bilbotarrak. Stability Structure and Support, a strong need of security and sense of belonging izeneko proiektu artistikoan garatutako obrak erakutsiko ditue Rekalde aretoan.

Atenasko Y-Residency egoitzan egindako egonaldi artistikoan landu eben Ruizek eta Aurrekoetxeak proiektu hori. Atenasen batutako dokumentazinoa eta ikus-entzunezko materiala berrikusita sortu dabe Bilboko erakusketea. Bideoa, irudia, eskulturea eta objektuak buztartzen dituan instalazinoa da.

Plastikoak, eraikinetako aldamioak, topautako objektuak eta eguneroko keinuak erabilten ditue dokumentaleko kontakizuna egituratzeko. Ganera, erakusketearen inguruko egiturazko elementuek be garrantzia artistikoa daukie.

Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan ikusi ahal izango da erakusketea, bagilaren 25era arte. Doban sartu leiteke eta, ganera, kaletik be ikusten da, Kabinete Abstraktuak leiho handi bat daukalako. Rekalde aretoko eremu horretatik, txandaka pasetan dira Barriek programako artista guztien erakusketak.

Laura Ruiz eta Nora Aurrekoetxea 1989an jaiotako artista bilbotarrak dira. Biak dira Arte Ederretan lizentziaduak, EHUn. Testuinguru soziopolitikoetan sortutako esanahi-egiturak interesetan jakez, eta hurreko inguruaren aldaketa-prozesuak lantzen ditue eskulturearen bitartez. Gaur egun, Ruiz Hezkuntza Artistikorako irakasle masterra ikasten dabil. Aurrekoetxea, ostera, kudeaketa kulturalean eta komisariotzan sartuta dago, Okela sormen lantegiko kide da eta.

2017/05/03 - 2017/06/25

Bilboko Rekalde aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu