Magoak, ilusionistak eta eskapistak, Otxarkoagan eta Txurdinagan

Bizkaie! 2017-05-03 08:17   Kulturea

Magia Topaketen 13. edizinoa egingo da Bilboko horreetan auzo bietan, maiatzaren 10ean hasita. Hogei artista ingururen saioak egongo dira.

Nekane Alonso zinegotzia (erdian), eta David Blanco eta Tor magoak (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak antolatutako 13. Magia Topaketek, mago beteranoak eta hasibarriak batuko ditue Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetan maiatzean. Udaltegietan eta kalean izango dira saioak. Izan be, Udalak orekea bilatu dau kaleko ikuskizun arinen eta areto barruko konplexuagoen artean.  Berbaldiak eta tailerrak be egongo dira.

Ekitaldi nagusietako bat maiatzaren 19ko Euskadiko eta Munduko Izarren Gala Handia dalakoa izango da. Otxarkoagako udaltegian egingo dan topaketa horretan, Asier Kidam magoa izango da aurkezlea. Beragaz batera, oholtzan egongo dira bertoko eta kanpoko mago ugari. Telebistan ezaguna egin dan Tor magoa, esaterako. Magia ikuskizun bisualenaren Espainiako sari nagusia irabazi dauen Señor Pérez magoa izango da beste euskal ordezkari bat galan. Bestetik, Jose Fugy granadarrak be parte hartuko dau.

Magiaren alderdi guztiak arakatuko ditue Magia Topaketetan. Esaterako, eskapismoa. Maiatzaren 28an, Garai lorategien plazan, Mago Sun ur tanga handi baten sartuko da, kateatuta. Hiru minutu izango ditu handik urteteko, bestela ito egingo da. Leku eta egun berean, munduko magia txapelduna dan Ismael Civiac-en ikuskizuna egongo da.

Beste ikuskizun ugari be egongo dira asteotan. Adibidez, Otxaroagan, euskerazko Imagine ikuskizuna, umeentzako Magiaren Kutxa, Hodei magoaren La hora mágica eta abar. Txurdinagan, ostera, Mad Martin argentinarra, Euskal Herriko neska-mutilek ederto ezagutzen daben Txan magoa eta abar izango dira.

Jarduera osogarrien artean, maiatzaren 24ko berbaldi-solasaldia nabarmendu dau Bilboko Udalak. David Blanco adituaren eskutik, magiaren historia aztertuko da Otxarkoagako udaltegiko saio horretan.

Ganera, laugarren urtez, Zaleentzako Magia Lehiaketea antolatu dabe Otxarkoagako eta Txurdinagako merkatarien alkarteek. Atera eizu barruan daroazun magia lelopean, profesional izan barik, eszenatoki baten ganean magia efektu edo trukoren bat egiteko ezagutzea eta praktikea daukien 16 urtetik gorako persona guztiek parte hartu leikie.

Aukeratutakoak maiatzaren 31n Otxarkoagako udaltegian egingo dan ekitaldian egongo dira. Bertan hiru sari emango jakez onenei. Igazko lehiaketearen irabazle Ander Diezen, Chavini magoaren, emonaldia antolatu dabe egun horretarako.

Egitaraua, hemen.

Bideoprogramea, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu