Gazte ikerlarien topaleku izango da Elhuyarren Zientzia Azokea

Bizkaie! 2017-05-02 13:35   Kulturea

Zapatuan, hilak 6, egingo da, Bilboko Plaza Barrian. Ikertzaile gazteek landutako 110 proiektu erakutsiko dira.

Zientzia Azokako antolatzaile, laguntzaile eta parte-hartzaileak, Bilboko udaletxean egindako aurkezpenean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikasturtean zehar, hainbat ikastetxetako neska-mutil taldeak eurek aukeratutako galdera edo erronka bati erantzuteko lanean ibili dira. Urtenbideak eta erantzunak topetako, ikerketa lana egin behar izan dabe, teknologiaren eta zientziaren alorreko erronkak izan dira eta. Lortutakoa Bilboko Plaza Barrian erakutsiko dabe zapatuan, Zientzia Azokan.

Horrezaz gan, jarduera ugari egongo dira egun guztian, eguerdiko 12etatik gaueko 9ak arte. Eremu profesionalera begirako gunea eta tailerrak dira aurtengo nobedade nagusiak. Ganera, Las Tea Party DJek gidatutako musika laborategian parte hartu ahal izango dabe neska-mutilek. Familia guztiarentzako ekintzak dira.

Azokan ikusi ahal izango diran proiektuei jagokenez, aurtengo edizinoan 33 ikastetxetako gazteek parte hartu dabe. Guztira, 12 eta 18 urte bitarteko 1.150 gazte ibili dira ikerlanean, 350 taldetan banatuta. Horreetatik, 110 egongo dira Bilboko topaketan. Bizkaikoak, Nafarroakoak eta Gipuzkoakoak dira.

Horrezaz gan, nazinoartean sariak irabazi dituen gazte talde batzuek be euren proiektu teknologiko edo zientifikoak erakutsiko ditue Zientzia Azokan. Exporecerca, Galiciencia eta Mostra Nacional Portuguesako irabazleak dira, hain zuzen.

Gaien aldetik, askotariko alorrak ikertu ditue neska-mutilek. Injinerutzeak, ingurumenak eta osasunak erakarri dabe gazte gehien, baina gizarte zientzietakoak, biologiakoak, fisika-kimikakoak eta abarreko lanak be badagoz. Gazteen erakusmahaiak Plaza Barriko arkupean egongo dira eta han ikusi ahal izango dira euren proiektu eta asmakuntzak. Plazearen erdigunean, ostera, gune profesionala eta tailerren eremua egongo dira. Iluntzean sari banaketea egingo da, eszenatokian.

Zientzia Azokea Elhuyarrek antolatzen badau be, Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sareagaz alkarlanean lan egiten dau egitasmo honetan. Hain zuzen, Ikerbasqueko, EHUko, Nafarroako Unibersidade Publikoko, Mondragon Unibersidadeko, Deustuko Unibersidadeko Ingeniaritza Fakultadeko eta Digipen Teknologia Institutuko ikertzaileen laguntzinoa jasoten dabe gazteek euren lana egiteko. Erakunde publikoek eta hainbat enpresa pribaduk babesten dabe ekimena.

Gazteakan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazinoak biztutea eta zientzia eta teknologia gazteei hurreratzea dira ekimenaren helburu nagusiak, Elhuyarrek azaldu dauenez.

2017/05/06 Goiz eta arratsalde

Bilboko Plaza Barrian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu