Zapatuan, apirilaren 29an, da Jantzearen Nazinoarteko Eguna

Bizkaie! 2017-04-28 10:37   Kulturea

Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteko kideek euren lanbidea gizarteari erakutsi nahi deutsie ikus-entzunezko horregaz.

ADDEk, Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak, Jantzearen Eguna aprobetxau dau bideo bat plazaratzeko. Jantzari profesionalen lekukotzen bidez, gizarteari jantzari profesionalen zeregina azaldu eta gazteak lanbide horretara erakarri nahi ditue.

2009tik jantzearen mundua kalera ateratzeko asmoz dabil lanean ADDE. Gaur egun, ehun bazkide inguru ditu. Jantzatik bizi diran interprete, koreografo, irakasle, kudeatzaile eta ikerlariak dira. Jantzea gizartearen aurrean ikusgarriago bihurtzeko helburuagaz, jarduera ugari antolatzen ditu alkarteak, esaterako, ikastaro edegiak, flashmob-ak, erakustaldiak eta jantza-burrukak. Oraingo honetan, ikus-entzunezko bat plazaratu dau.

Hainbat profesionalen lekukotzak agiri dira bideoan. Galdera biri erantzuten deutsie guztiek: Zergaitik erabagi zenduan jantzan egitea? eta Zergaitik erabagi zenduan jantzea zure lanbidea izatea?. Era horretara, jantzea beste edozein lanbideren modukoa dala erakutsi nahi dau ADDEk, besteen pareko aukera profesional bat. Sensibilizazinoa da bideoaren asmoa, batez be gazteen artean.

Egunotan dabil bideoa zabaltzen ADDE. Era berean, mila postal inguru banatuko ditu Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak dituen ikastetxeetan, bideoko mezua indartzeko. Edade horretan, gazteak euren etorkizun profesionala erabagiteko unean dagoz, eta ADDEk gogoratu eragin nahi deutse jantzea be aukera bat dala. Era askotako profesionalak behar dira sektore horretan, ez jantzariak bakarrik. Horregaitik, gazteentzat lanerako aukerea izan leitekela uste dau ADDEk.

Bideoa eta sensibilizazino kanpainea abian ipinteko orduan, arte eszenikoetan dabizan erakunde batzuen babesa izan dau ADDEk. Esate baterako, Bilboko Udalaren ekimenez sortutako Bilbao Eszena antzerki baliabideen zentroak bat egin dau mezuagaz.

Ikusi bideoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu