Eibarko bonbardaketea berbaldi dramatizadu baten bidez gogoratuko dabe

Bizkaie! 2017-04-28 10:02   Kulturea

Ekitaldia gaur, barikua, arrastiko 20:30ean ikusi ahal izango da Coliseoan. Bihar gauean beste emonaldi bat egingo da Untzaga plazan.

Eibarko bonbardaketaren ostean hartutako irudia | Ikusi handiago | Argazki originala

Zortzi hamarkada pasau dira Eibar suntsitu ebenetik, behin baino gehiagotan bonbardeau eben herria, baina jazoera gogorrena 1937ko apirilaren 24an izan zan. Tragedia ha gogora ekarteko ekitaldi berezia izango da gaurkoa eta biharkoa.

Berbaldi ez ohikoa izango da, dramatizadua, eta herriko hainbat kolektibotako kideek hartuko dabe parte. Ehun bat lagun inguru batuko dira agertokian; Gerra Zibilean herriak sufridu zituan bonbardaketakaz lotutako jazoera adierazgarrienak antzeztuko ditue bertan.

Ekitaldian honeek egongo dira ikusgai: herriko ia 600 argazki, italiarren armadeak grabautako irudiak, jazoerea bizi izan ebenen testigantzak, gerra garaian Eibarko Udalak plazaratutako bandoen antzezlanak, personaia garrantzitsuen diskursoak, herriak jasandako kalteen kontakizunak eta bando bietako gerlarien egunerokoen pasarteak. Horreekaz batera, euskal jantzak eta jantza modernoa ikusi eta inguruko mendietan burrukatu ziran gudariek, milizianoek eta erreketeek idatzitako poemen errezitaldiak entzun ahal izango dira.

Nerea Arriola biolinistea, Marisol Arrillaga soinujolea, Biraka Dantza Taldea, Koro Gaztea, Lekim Animazioak, Legarreko Musika Sormenerako Gunea edo Jose Luis Valenciaga izango dira besteak beste, ekitaldian.

Ikuskizunak lau atal izango ditu: Lehenengoan, Errepublika sasoiko Eibar zelakoa zan erakutsiko da, bigarrenean, barriz, gerrako frontea herrian geldirik zazpi hilebetean egon zaneko kontakizuna. Hirugarrenean, setioa kontauko dabe eta laugarrenean gerra ostean Eibar berreregiteko egindako lanak azalduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu