Europako hizkuntza txikiei lekua egingo deutse Donostiako Zinemaldiak

Bizkaie! 2017-04-26 10:48   Zinemea

Hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako proiektu zinematografikoen atala izango da Glocal in Progress. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago.

Sail barri honen helburua da, hizkuntza handienetan ez dagozan Europako filmak ezagutzera emotea. Izan be, Europan hizkuntza ugari berba egiten dira, baina hizkuntza poteretsuenen babespean egoten dira gehienak. Glocal in Progress sailetik kanpo honeek hizkuntzak geratuko dira: Ingelesa, alemanierea, frantsesa, espainierea, errusierea eta italierea. Kontinenteko ganerako hizkuntzek lekua izango dabe. Hizkuntza txikietan egindako pelikulak zabaltzen laguntzeaz gan, koprodukzinoak bultzatzea eta alkarlana erraztea dira Donostiako Zinemaldiaren asmoak.

Zabalik dago Glocal in Progressen izena emoteko epea, bagilaren 30era arte. Postprodukzino fasean dagozan hiru film aukeratuko ditue antolatzaileek, hizkuntza ez-hegemonikoetan egindakoak, Zinemaldian erakusteko. Irailaren 25etik 27ra bitartean, proiektu horreek hainbat adituri aurkeztuko jakez: Produktore, banatzaile, programatzaile eta bestelakoei; modu horretara, filmak amaitzeko eta nazinoartean banatzeko bultzadea emon nahi dau Zinemaldiak.

Era berean, Glocal in Progress atalean izena emoten dabenak, Glocal in Progress Industria saria irabazteko hautagai izango dira. Ikus-entzunezko arloko eta entzute handiko hainbat enpresaren laguntzinoa izango dau irabazleak, postprodukzinoa amaitzeko.

Nazinoarteko film entzutetsuenak ekarteaz gan, Donostiako Zinemaldia zabalkunde apalagoko beste proiektu zinematografiko batzuei atea zabaltzeko ahaleginean dabil azkenengo edizinoetan. Horren erakusle da Glocal in Progress atal sortu barria eta egun berberetan (irailaren 25etik 27ra) egingo diran beste atal bi be, dagoeneko programazinoan ondo finkatuak: Zinema Eraikitzen eta Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzino Foroa.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu