'Chavela Vargas', zinemea eta musikea ikusgarritasun lesbikoa aldarrikatzeko
2017-04-25 16:37 ZinemeaApirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, Zinegoak-ek dobako emonaldi bat eskainiko dau Bilborock aretoan, arratsaldeko 20:00etan.
Chavela Vargas Berlinale jaialdiaren azken edizinoan estreinau eta publikoaren sariaren finalistea izan zan. Filma abeslariaren bizitea eta bere askatasuna eta bizitza sentimentala defendiduteko egindako ahalegina da.
Chavelak ez dau inor ez bero ez hotz ixten. Txikitan, familiak baztertua izan zan, etxura ez oso femeninoa ebalako. Bere ibilbide artistikoaren hasieran mozorrotzen saiatzen zan, takoiak janzten zituan trebezia gitxigaz, eta azkenean prakakaz azaldu jakun, abeslari emakumezko batentzat oso ohikoa ez zana Mexikon 40ko hamarkadan.
Bere 93 urteetan egindako ibilbidean, esaldi zorrotzak eta bizipen sendoak itxi deuskuz. Acapulcora deskantsetan hurreratzen ziran Hollywoodeko izarrakaz izandako hartu-emonetatik –parranda eta maitasun istorio ugarigaz-, ahaztua izatera igaro zan. Aurrerago, barriro agertu eta nazinoartean ezaguna egin zan.
Chavela Frida Khaloren bikotekidea izan zan, goiz batean Ava Gardner-en ondoan izartu zan, eta Alicia Pérez Duarte abokatuagaz bere maitasun harreman luzeenetako bat izan eban. 80ko hamarkadara arte jentaurrean bere sexualidadea aitatu ez eban arren, Chavela erreferente bat da eta izan zan Mexikoko emakume lesbianen kolektiboarentzat.
Datorren apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, Zinegoak-ek dobako emonaldi bat eskainiko dau Bilborock aretoan, arratsaldeko 20:00etan. Emonaldia Sare Lesbianisteagaz batera antolatu da, Pikara Magazinen laguntzinoagaz, data horretarako atondu dituen jardueren ondoren egiteko asmoz.
Urtean zehar LGTBI kolektiboaren ikusgarritasun eta aldarrikapenaren harira antolatzen diran ospakizunak eta ekintzak babestu gura doguz, kultura eta aisialdiaren bitartez egiten dogun sensibilizazino lana Zinegoak jaialdia baino harago joan daiten azaldu dau Zinegoak festibaleko zuzendari Pau Guillének. Norabide horretan doa Bilboko jaialdia, eta baditu izenburu eta data gehiago, urtean zehar jarduera gehiago antolatzeko asmoz. Urte osoan egon nahi dogu, egitarau sendoa atondu eta beste kolektibo eta alkarteen jarduerak eta proposamenak osotu, kalidadezko zinemearen bitartez, sexu-aniztasuna agirian jarteko emonaldien gaiaren bitartez, azaldu dau Guillének.
Oraingoan, lan hau gaiagaitik eta produkzino moduagaitik aukeratua izan da, izan be, dokumentalaren zuzendariak emakumezko bi dira, Catherine Gund eta Daresha Kyi, eta talde teknikoan be emakumezkoak dira nagusi. Horrezaz gan, orain arte argitaratu bako ikusentzunezko hainbat material batzen ditu, erakundeek eta abeslariaren senide eta lagunek lagatutakoak, eta baita 1991ean zuzendarietako batek grabautako alkarrizketa bat be.
Miraria izan zan elkarrizketea lortzea adierazo dau oraintsu Catherine Gundek; Gure kolektiboari, munstroak, zikinak, pariak izatea egozten deuskue, hilik egon beharko ginatekeen nazkagarriak. Gure bideo-kamerakaz, geure burua geure edertasun osoan azaldu nahi genduan. Chavela topau eta grabetea, indar horretatik sortu zan. 71 urte zituan eta ezezaguna zan, baita homosexuala, baztertua eta difamatua bere.
Chavela filmak Isabelen memoria eta historia berreskuratzen ditu, hori baitzan bere benetako izena eta azken urteetan azaltzen zanagaz; eta bestetik bere alter egoa egoan, Chavela, personaia tragikoa, erraietakoa eta mitikoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!