Aitzol Aramaio gogoratuko dau bihar Bilboko FAS zineklubak
2017-04-24 12:49 ZinemeaKoldo Almandozen Sipo phantasma film luzea proiektauko dabe Indautxuko Karmen aretoan, V. Aitzol Aramaio Oroimenean lelodun saioan.
Haren heriotzearen seigarren urteurrena gaur, astelehena, dan ezkero, Aitzol Aramaio (1971-2011) gidoigile eta zuzendari ondarrutarrak zinemagintzan egindako ekarpena gomutan hartuko dau FAS zineklubak, biharko saioan. Besteak beste, Terminal eta Un poco de chocolate filmakaitik egin zan ezagun Aramaio, eta haren heriotza goiztiarrak euskal zinemagintzea astindu eban. Horregaitik, aurreko urteetako ohitureari eutsita, Aitzol Aramaio Oroimenean saioen bosgarren ekitaldia egingo dabe FASekoek.
Euskal zinemagileen lanak ikusi ahal izango dira saio berezi horretan. Izan be, urtero Aitzol Aramaioren omenez antolatzen dan saio horretan, euskal zuzendari gazteen lanak ezagutzera emotea eta bultzadea emotea da helburua, FAS zineklubak azaldu dauenez.
Ohiko moduan, Bilboko Indautxu auzoko Karmen aretoan izango da proiekzinoa, 19:45ean. Lehenik eta behin, Koldo Almandozek zuzendutako Sipo phantasma emongo dabe. Almandozen lehenengo lan luzea da hori eta itsasoko kruzero bateko istorioak kontetan ditu. Misterioa, mamuak... danetarik dauka filmak. Donostiako eta Rotterdamgo zinemaldietarako aukeratu eben lan esperimental hau 2016an.
Horrezaz gan, David Aguilar iruindarraren Mara mara be ikusi ahal izango da. Edurrak estaltzen dauen paisaia pertsonaia bat gehiago da istorio misteriotsu horretan. Koldo Almandoz eta David Aguilar zuzendariak Bilboko saioan izango dira, baita Pello Gutierrez eta Iñaki Sagastume be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!