Joseba Sarrionandiaren poemakaz gogoratuko dabe Bilbon Liburuaren Eguna

Bizkaie! 2017-04-20 11:31   Kulturea

Liburuaren Nazinoarteko Egunaren biharamunean, astelehenean, ekitaldi berezia atolatu dau Bilboko Udalak Bidebarrieta kulturgunean.

Joseba Sarrionandia idazle iurretarra izango da Liburuaren Eguneko protagonistetako bat Bilbon. Haren poesiaren lehenengo antologia elebiduna aurkeztuko dabe Bilbon, hilaren 24an (Liburuaren Eguna 23an izango da). Bidebarrieta kulturgunean egingo dan ekitaldi horretako gidaria Jose Angel Irigaray izango da eta errezitaldiak zein musikea be egongo dira. 

¿La poesia está muerta? Hilda dago poesia? da antologiaren izenburua eta Pamiela argitaletxeak plazaratu eban igaz. Joseba Sarrionandia bera arduratu da antologia horretarako poemak aukeratzeaz, antolatzeaz eta itzultzeaz. Ganera, hitzaurrea be Kuban bizi dan autore bizkaitarrak idatzi dau.

1980tik 1995era idatzitako 114 poema datoz antologian. Erbestea, torturea, kartzelea, heriotzea eta halako gaiak lantzen ditu, besteak beste. Gehienbat, Sarrionandiaren liburuetan argitaratu izan diran poemak dira, baina badagoz abesti batzuetako berbak be. Bilboko Udalaren arabera, euskal literaturearen erreferenteetako bat da Sarrionandia, eta luzaroan itxarondako antologia izan da honako hau. Idazlearen poema asko gaztelaniara itzulita irakurri ahal izan dira lehenengoz, argitalpen honi esker.

Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigarayk aurkeztuko dau Bidebarrietako ekitaldia. Horrezaz gan, Beñat Arginzonizek eta Jose Fernandez de la Sotak liburuko poema batzuk errezitauko ditue. Jose Julian Bakedanok idazlearen bizitzearen ganeko zertzelada batzuk emongo ditu eta Gose taldeko Ines Osinagak musikea eroango dau ekitaldira. Eñaut Elorrietaren, Mikel Laboaren eta Ruper Ordorikaren bideoak proiektauko dira.

Astelehenean, apirilak 24, izango da ekitaldia, 19:30ean, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan. Sartzea libre da, baina bertara joan ezin dauenak streaming bidez ikusi ahal izango dau ekitaldia, interneten.

Bilbon, Liburuaren Nazinoarteko Eguna ospatzeko, Bidebarrietako ekitaldiaz gan, liburu azokatxua ipiniko dabe Arenalean, domekan, hilak 23.

2017/04/24 19:30

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu