Bilboko Begoñazpi Ikastolea munduko robotika, zientzia eta teknologia txapelketako finalean izango da AEBetan

Bizkaie! 2017-04-20 08:24   Kulturea

First Lego League-ren World Festivala, eskola-zientziaren arloko munduko lehiaketarik ospetsuena, apirilaren 26tik 29ra bitartean jokatuko da Misuri urian.

Bilboko Begoñazpi Ikastoleak First Lego League (FLL) izeneko eskolako robotika, zientzia eta teknologia lehiaketearen munduko finala jokatuko dau datorren astean, AEBetako Misuri estaduko San Luis urian. Ikastola bilbotarra dogu, Bartzelonako eta Tarragonako ikastetxe bigaz batera, munduko finalera heldu diran Estaduko hiru ikastegietako bat.

AEBetan antolatuko dan First Lego League-ren munduko finalera heldu baino lehen, ikastoleak Estaduko finala jokatu eban martian Logroñon, guztiz biodegradagarriak diran poltsak sortzea dakarren proiektu zientifiko bati esker. Denden eta supermerkatuen sektoreari zuzendutako proiektu honen bidez, ohiko plastikozko poltsek gaur egun sortzen daben kutsadureari aurre egiten jako. Proiektuak lehenengo saria irabazi eban Soluzino Barritzaileen kategorian. Horren aurretik, Faunity izeneko Begoñazpi Ikastolako taldeak Innobasque euskal barrikuntza-agentziak antolatutako euskal txapelketea irabazi eban.

Estaduko finaleko epaileek proposamenaren erabilgarritasuna nabarmendu eben, izan be, proposamena era guztietako diziplina teknologiko eta zientifikoak gogoan hartzen dituan proiektu batek babesten dau, baita ekonomiak, fisikeak, kimikeak, matematikeak eta hizkuntzak be, eta proiektu osoa ingelesez defendidu eben.

Begoñazpiko taldeak, soluzino barritzailerik onenaren jaubea dan aldetik, Danimarkan maiatzaren amaieran jokatuko dan First Lego League-ren nazinoarteko txapelketa batean parte hartzeko aukeratu eben. Alabaina, ondoko aukeraketa batek eta beste talde batek AEBetara joateari uko egin eutson eta ondorioz ikastola bilbotarra San Luiseko finalera eroan dabe zuzen-zuzenean.

Holan, Begoñazpi Ikastolako taldea osotzen daben sei ikasleak mundu osoko beste 400 talderen aurrean neurtuko dira apirilaren 26tik 29ra bitartean. Norgehiagokan, proiektua defendiduteaz gan, eurek sortutako robota probau beharko dabe, euren proposamenagaz eta lehiaketeak mundu osoan erabili dauen gaiagaz (gizakien eta animalien arteko aliantzea) lotutako hainbat misino osotuz.


Aparteko jazoerea ikastegiarentzat

Eskola-zientziaren arloko munduko txapelketarik ospetsuenetakoa dan norgehiagoka honen munduko finalean parte hartzea aparteko garrantzia dauen jazoerea da ikastegi honentzat, kontuan izanda, igaz be Bilboko ikastola honek Global Innovation Award-en finala jokatu ebala Washingtonen. Lehiaketa beraren diziplina honek proiektu zientifiko barritzaileak baino ez ditu kontuan hartzen. Orduko haretan, ikastoleak papel-zapi bustiak erabiltea proponidu eban edredoiak edo berokiak produziduteko.

Orain, ikastola bilbotarrak Euskadi ordezkatuko dau First Lego League-ren World Festival-ean. Txapelketa honen sailkapen-probak 88 herrialdetan egiten dira, mundu osoko 255.000 gazte baino gehhiagoren artean bokazino zientifikoak eta teknologikoak suspertzeko asmoagaz, barrikuntzea, sormena, talde-lana, komunikazinoa eta arazoen konponketea sustatzen dituen ikasketa-esperientzien bitartez.

Holan, Faunityren proiektuak uretan disolbiduten dan polibinilo-alkohola (PVA) polimero ez-toxikoa erabiltea proponiduten dau, dendetan eta supermerkatuetan kontsumitzeko moduko poltsa biodegradagarriak sortzeko. Ikasleek poltsak sortu ditue, eta horreek merkaturatzeko prest egongo litzatekeen Granadako Plásticos Alhambra legezko enpresakaz hartu-emonetan hasi dira.

Ikasleen proiektu barritzaile honek euria legezko arazoak be konpontzen ditu, denporazko patina batez, edota denden marken tintearena. Horretarako, Txinan produzidutako tinta bat topau dabe, hau be biodegradagarria. Poltsa honeek ohiko poltsei jagoken kutsadura handia ebitauko leukie, izan be, ikasleek egindako analisiaren arabera, ohiko poltsek urtean 8.000 tona plastiko ez-degradagarri sortzen ditue.

Ganera, eskolako opor-egun honeetan, Begoñazpiko ikasleak munduko lehiaketako prestaketa-lanak amaitzen dabiz ikastolan, eta robotagaz egin beharreko aurkezpenak eta misinoak optimizetan, ahalik eta emoitzarik onena lortzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu