Kukairen 'Oskara' ikuskizunak zazpi izendapen lortu ditu 2017ko Max sarietan

Bizkaie! 2017-04-19 13:37   Kulturea

Arte eszenikoen Espainiako sari nagusietarako hautagai dira, ganera, Marie de Jongh konpainia, Jokin Oregi, Alfredo Sanzol eta Garbiñe Insausti.

'Oskara' ikuskizuna (argazkia: Kukai) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kukai jantza taldearen Oskara ikuskizunak zazpi izendapen lortu ditu 2017ko Max sarietan, SGAE erakundeak gaur jakitera emon dauenez. Aurtengo edizinoan hautagaitzarik gehien lortu dauen obrea da. Sariketako faborito handienetako bat izango da, beraz, Kukairen Oskara.

Honeek dira Oskara ikuskizunaren hautagaitzak: jantza ikuskizun onena, arte eszenikoetako produkzino pribadurik onena, espazio eszenikoa (Marcos Morau), jantziak (Iraia Oiartzabal), argiztapena (David Bernues), jantzari onena (Martxel Rodriguez) eta jantzari moltso nabarmenena.

Beste euskal konpainia bat, Marie de Jongh, umeentzako ikuskizun onenaren ataleko Max saria irabazteko hautagai da, Amour antzezlanari esker. Konpainia horretan dabilen Jokin Oregik, ganera, antzerki zuzendari onenaren ataleko izendapena dauka.

Antzerkigile onenaren atalean, hautagaietako bat Alfredo Sanzol nafarra da, La respiración ikuskizunean egindako lanagaitik. Max sarietako euskal ordezkaritzea Garbiñe Insaustik biribilduko dau, aktore protagonisten atalean. Edith Piaf (taxidermia de un gorrión) antzezlanagaitik izentau dabe aktore gipuzkoarra.

Max sariak banatzeko galea bagilaren 5ean egingo dabe, Valentzian, eta orduan jakingo da zenbat sari irabazten dituen euskal hautagaiek. Epaimahaiburua Alfonso Plou da eta epaimahaian honeek egongo dira: Pascual Carbonell, Marta Carrasco Benítez, Norka Chiapusso, Mudit Grau, Susana Sánchez, Alicia Soto, Ana Fernández Graciani eta Emmanuel Berruezo.

Max sariak Espainiako SGAE erakundeak antolatzen ditu urtero, antzerkian eta jantzan nabarmendu diran profesionalei bultzadea emoteko. Aurtengoa 20. edizinoa da. 23 kategoriatan aukeratu ditue finalistak, 112 obraren artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu