Norman Manearen 'Huliganaren itzulera' euskeratu dau Koro Navarrok
2017-04-19 11:43 KultureaErein eta Igela argitaletxeek EIZIEren Literatura Unibertsala bilduman plazaratu dabe Manearen obra autobiografiko hori. Donostian izan da liburuaren aurkezpena.
20. mendeko Errumaniako gorabeherak dira Hulinganaren itzulera liburuaren oinarria, idazlearen beraren esperientziatik eta gogoetetatik begiratuta. 1936an jaio zan Norman Manea, Errumanian, familia judu baten. Bigarren Mundu Gerran deportau egin eben. Injinerutzan ibili zan beharrean eta, 1960ko hamarkadan, idazten hasi zan. Errumanian idazle ezaguna zan arren, Ceaucescuren diktadureak gogatu egin eban eta herrialdetik alde egin eban 1986an.
Huliganaren itzulera, hain zuzen, erbestearen eta erbestetik itzultzearen inguruko obrea da. Sailkatzen gatxa dan arren, autobiografikotzat jo leiteke liburua, nobelearen ezaugarriak be badituan arren. Biografia arte bihurtzen asmau dauen idazle baten bidaia da, denporan eta espazioan, amesetan eta errealidadean, iraganean eta orainean, dino Erein argitaletxeak. Erbestean hainbat urte egin eta gero, Errumaniara bueltetako aukerea sortzen jakonean ipini dau Maneak liburuaren abiapuntua. Gomuten bidez, baina, denporan atzera be egiten dau.
Bere bizitzan izandako gorabeherak gogoratzen ditu Maneak liburuan: Deportazinoa, komunismoa, Ceaucescuren diktadurea, erbestea... 80 urteko tartea hartzen dau liburuak. Erein argitaletxekoen esanetan, persona subersiboa edo errebeldea da huligan errumanieraz, eta liburuko zalantza nagusietako bat da, hain zuzen, aberrira bueltetea posible ete dan huligan izanda. Berez, 2003an plazaratu zan (Intoarcerea huliganului da jatorrizko errumanierazko izenburua), baina euskerazko itzulpena orain argitaratu da.
Sari ugari irabazitako liburua da Huliganaren itzulera eta, hortaz, Literatura Unibertsala bildumarako aukeratu dabe. Gaur egun, Erein eta Igela argitaletxeek ateratzen ditue bilduma horretako liburuak, literaturearen obrarik esanguratsuenak euskeraz eta kalidadeko edizino baten eskaintzeko asmoz. EIZIE da proiektuaren bultzatzailea eta Eusko Jaurlaritzeak babesten dau.
Koro Navarro Etxeberriak itzuli dau Huliganaren itzulera euskerara. Ibilbide luzeko itzultzailea da Navarro, literaturan batez be. Ingelesetik euskerara hainbat liburu itzuli ditu eta sariak be irabazitakoa da, esaterako Euskadi Itzulpen Saria 2003an. Asun Garikanoren Kaliforniakoak euskeratik gaztelaniara itzuli dau oraintsu, Noticias de California izenburupean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!