'Belem' eskola-ontzia helduko da gaur Bilbora

Bizkaie! 2017-04-19 09:57   Kulturea

Bihar arteko geldialdia egingo dau Bilboko Itsasadarra-Itsas Museoan. 1896an eregi zan Belem eta Ameriketako lehengaiak garraiatzeko erabili zan, eskola-ontzi bihurtu baino lehen.

'Belem' belaontzia (argazkia: Bilboko Itsasadarra-Itsas Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Frantziatik dator Itsas Museoko aste honetako bisitari berezia. Belem eskola-ontzia gaur, eguaztena, arratsaldeko 15:00ak inguruan helduko da Bilbora, geldialdi labur bat egiteko asmoz. Bihar, eguena, alde egingo dauela aurreratu dabe Itsas Museoko arduradunek.

Bilboko Itsas Museoak martxan daukan Belaontzi Handiak programearen barruko bisitaldia izango da honako hau. Lantzean behin, belaontzi ikusgarriak heltzen dira Bilbora egitasmo horren bidez. Belem, esaterako, 58 metroko ontzi luzea da, hiru mastakoa. Itsas Museoak azaldu dauenez, bisitariek ezin izango dabe Belem barrutik ikusi.

1896an eregi zan Belem belaontzia Nantes urian. Lehenengo bidaian, Uruguayko Montevideotik Brasilgo Belemera eroan zituan mando batzuk, eta hortik jatorko izena. Dana dala, sute batek ontzia kaltetu eban eta barriro ekarri eben Europara, konpontzera. Hurrengo urteetan, merkataritzan ibili zan, Ameriketako portuetan batez be.

1914tik aurrera, Belem lujozko belaontzia izan zan. Westminsterreko dukearena eta, ondoren, Ernest Guiness aberatsarena izan zan. Italiako banderapean ibili zan gero eta, 1980tik, eskola-ontzi izateko berreskuratu eben. Modu ofizialean, 1987an ekin eutsan itsasoko irakaskuntzeagaz lotutako zeregin horri.

Gaur egun, 16 laguneko tripulazinoa dauka Belem-ek, eta gehienez 48 ikasle eroan leikez. Formakuntzea emoteko, itsaso zabalean eta porturik portu ibilten da. Egunotan Bilbon egingo dau geldialdia eta, barrura sartu ezin izango dan arren, Itsas Museoko moiletan ikusteko erea izango dabe bilbotarrek. 2012an be Bilbon egon zan Belem.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu