Apirileko Art After Dark, FANT jaialdiagaz lotuta dator

Bizkaie! 2017-04-12 09:38   Musikea

Artea eta musika elektronikoa buztartzen ditu Art After Darkek hilean behin. Apirilaren 28ko saioa Pre-FANTen barruan antolatuko danez, zinemea batuko jako programazinoari.

Maiatzean izango da FANT, Bildurrezko eta Fantasiazko Nazinoarteko Zinemaldia, eta horren aurretik Pre-FANT zikloa egingo da Bilbon. Ziklo horren barruko proposamenetako bat izango da Art After Darken apirilaren 28ko saioa. Ohiko moduan, Guggenheim Museoko atrioan izango da, gauean.

Art After Dark saioan parte hartzen dabenek, betiko lez, museoko erakusketak ikusi eta nazinoarteko artistek nahastautako musikea entzun ahal izango dabe. Horrezaz gan, Rosemary Myers zuzendari australiarraren Girl Asleep filma proiektauko da museoko entzungelan, 20:00etan. Pre-FANT zikloko azken jarduerea izango da.

TopARTE ekimenari esker egin dabe bat FANTek eta Art After Darkek. Guggenheim Museoaren 20. urteurrena dala eta, Bilboko eragile kulturalak museoan euren jarduerak egitera konbidau ditue, TopARTEren bidez. Apirilaren 28an, beraz, FANT jaialdia izango da protagonista Guggenheimen.

Proiekzinoa amaitu ostean, hiru musika saio ekarriko ditu Art After Darkek. 22:00etan, Feten sortzaile eta progamatzailearen txandea izango da. Lehen La Indieteca DJ izenagaz jarduten eban Fetenek. Izan be, indie-rock eta elektro-indie musikea da nagusi bere aukeraketan.

Ondoren, 23:00etan, Carlos Bayona DJ kataluniarraren saioa hasiko da. Musika pop eta elektronikoaren alderdi guztiak arakatu eta buztartzen ditu Bayonak, eta hainbat herrialdetako jaialdietan parte hartu dau. Amaitzeko, gauerdi bueltan, DJ Hell alemaniarrak ipiniko dau musikea. Helmut Geier da bere benetako izena. House musikearen aitzindarietako bat da DJ Hell. Produktorea be bada eta, bere zigiluaren bidez, jokera barriak zabaldu ditu tekno musikan, batez be Ameriketan.

Goizaldeko 01:00ak arteko saioa izango da, gitxi gorabehera. Musika entzun bitartean, bisitariek Guggenheimeko erakusketak ikusi ahal izango ditue: Pello Irazurena, Espresionismo abstraktuarena, Hermann eta Margritt Rupfen bildumea eta abar. Sarrerak salgai dagoz eta Pre-FANT bonua daukienek deskontua izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu