Euskal kulturan 'erreferente' bihurtu da Loraldia, antolatzaileen esanetan

Bizkaie! 2017-04-11 08:35   Kulturea

Zapatuan amaitu zan Loraldia Festibalaren hirugarren edizinoa. Jentearen erantzunagaz pozik dagoz antolatzaileak eta jaialdia arrakastatsua izan dala dinoe.

Tartean teatroaren 'Euskal musikaren benetako istorioa' arrakasta handiz estreinau da (argazkia: Tartean teatroa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko edizinoetan baino luzeagoa izan da aurtengo Loraldia, euskal kultura garaikidearen inguruko udabarriko festibala. Martiaren 7tik apirilaren 8ra, bost astez euskal kultura adierazpideen topaleku izan da Bilbo. Behin jaialdia amaituta, balorazinoa egin dabe antolatzaileek.

Hasteko, aurtengo Loraldia arrakastatsua izan dala adierazo dabe jaialdiko arduradunek. Publikoak erantzun ona emon dau: Ikuskizun gehienetan jesarlekuen % 80 baino gehiago bete dira eta, kasu batzuetan, sarrerak agortu dira. 8.000 ikus-entzule inguru batu ditu Loraldiak. Tartean teatroak aurkeztutako Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa antzezlana ikustera 1.500 lagun joan ziran Arriaga antzokira.

Sarrerak agortu ziran, ganera, honeetan ikuskizunetan: Kukai & Lagunak, Euskadi dokumentala, BCN Jazz Konexioa, Biba voi eta Izaro. Jaialdiak euskal industria kulturalean izandako eragina be azpimarratu dabe Loraldikoek: Hainbat lekutatik etorritako 150 artista egon dira Bilbon. Ganera, euskerazko sorkuntzea begien bistara ekarri dau Loraldiak, antolatzaileek nabarmendu dabenez.

Hori guztia kontuan hartuta, Loraldia euskal kulturearen panoraman erreferente bihurtu dala uste dabe antolatzaileek, ekimena sortu eta hirugarren urtean. 290.000 euroko aurrekontuagaz, disziplina artistiko ugaritako 29 ikuskizun eskaini ditu bost astez, Bilboko hamar gune ezagunetan. Era berean, aurkeztutako ikuskizunen kalidadea azpimarratu dabe antolatzaileek.

Ganera, Loraldia publiko gaztea erakarteko gauza izan dala dinoe. Lukiek, Hesian eta Izaroren kontzertuetan gazte ugari egon dira, baita Bilbronx eta Itu Banda taldeek antolatutako ikuskizunetan be. Loraldia Eskola ekimenaren lehenengo edizinoa be egin da aurten.

Bilbon egiten da Loraldia eta uriagaz lotura estua dauka. Halandabe, antolatzaileek dinoe Bilbotik kanpora zabaltzeko ahalegina be egin dabela aurten. Horren erakusgarri da, esaterako, Euskadi filma Iruñean, Donostian eta Baionan proiektau izana, Bilbon ez eze. Eutsiko diogu, Pete, Loraldiak produzidutako ikuskizun musikala Gipuzkoan eta Nafarroan be erakutsi dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu