Baduzu, euskeraz kontsumidu nahi dabenen sarea jaio da

Bizkaie! 2017-04-06 09:18   Euskerea berbagai

Kontseiluak, Behatokiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkarteak sortu dabe Baduzu. Salerosketak euskeraz egitea bultzatzea da asmoa, kontsumo ohituretan euskerea erespideetako bat izatea.

Ianire Soraluze, Rober Gutierrez, GarbiƱe Petriati eta Paul Bilbao | Ikusi handiago | Argazki originala

Alor sozioekonomikoak eta lan munduak leku handia hartzen dau gaur egungo bizitzan, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azpimarratu dauenez. Hain zuzen be, Baduzu sarea esparru horretan eragiteko asmoz sortu dabe. Kontsumitzaileari begira sortutako tresnea da.

Kontsumitzaileak ahalduntzea bilatzen dogu, azaldu dau Bilbaok, euskeraz kontsumiduteko aukerea areagotzea eta euskeraz kontsumidu nahi dogunon arteko sarea edo kluba eratzea da asmoa. Donostian egindako ekitaldian, Baduzu izeneko aplikazinoa aurkeztu da eta, ganera, kontsumo taldeen bidez be eragin nahi dabela aurreratu dabe Kontseiluak, Behatokiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriak.

Webgunea be badauka Baduzu egitasmoak. Euskeraz kontsumidu nahi dabenen sarea osotuko dabe tresna horren bidez, euskal kontsumitzaileen kluba deitu dabena. Helburua da, euskeraz saldu eta erosi nahi dabenen sarea egitea eta hartu-emonetan jartea, euskerazko kontsumo komunidadea eregi eta aktibetea, dino Bilbaok, bestetik, herritarrak sentsibilizetea be bai, euskerea kalidadezko kontsumoaren ikur eta erespide dala erakustea.

Euskal Herriko 4.000 establezimendu baino gehiago topauko ditu erosleak Baduzu.eus webgunean eta aplikazinoan. Bakotxaren euskera mailearen arabera sailkatuta agertuko dira. Bai Euskarari ziurtagiria daukien establezimendu guztiak dagoz zerrendan. Ganera, herritarrek denda gehiago gehitu leikiez, baita balorazinoak egin be. Parte hartzeko, kontsumitzaileak erregistroa egin beharko dau.

Euskerazko zerbitzua emoteko ahalegina egiten dabiz Euskal Herriko ehundazak enpresa, Bai Euskarari alkarteko Rober Gutierrezek adierazo dauenez. Gaur be horreen guztien ahalegina autortu behar dogu, gero eta enpresa gehiago dagozalako euskeraz lanean, euskeraz kontsumiduteko aukerak areagotzen eta euskeraz bizitzea errazten, dino Gutierrezek, euskereak bide barriak zabaltzen ditu.

Kontseiluko Paul Bilbaogaz eta Bai Euskarari Ziurtagiriko Rober Gutierrezegaz batera, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati eta Zergatik erropa-dendako diseinatzaile Ianire Soraluze egon dira Baduzuren aurkezpenean.

Petriatiren ustez, Baduzuk erraztasunak emongo deutsaz euskeraz kontsumidu nahi dauen erosleari eta hizkuntza eskubideen alorreko aurrerapena da hori. Soraluzek, bere aldetik, azaldu dau Zergatik sareko dendetan hasikeratik eskaini dabela euskerazko arretea, kontsumitzaileak eskatu eta eskertzen dauen detailea dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa