Booktegi.eus, euskerazko liburu elektronikoen webgunea
2017-04-05 08:22 KultureaEra guztietako liburu elektronikoak argitaratzeko eta doban deskargetako webgunea da Booktegi.eus. Edonork plazaratu leike bere liburua, kalidade erespide batzuk bete ezkero.
Euskerazko liburu digitalen topalekua da webgune barria, baina ez da gune estatiko bat. Argitalpen barriak gehituko dira zerrendara eten barik, eta harpidetzea egiten dabenek nobedadeen inguruko albisteak jasoko ditue posta elektronikoz. Guztion liburuak, guztiontzat, da Booktegi.eus-en leloa.
Webgunea oraintsu abiatu bada be, dagoeneko genero askotako lanak dagoz eskura: Narratibea, poesia, kronikea, kantuen letrak, saiakerak, artikuluak eta abar. Batzuk itzulpenak dira eta beste batzuk jatorrizkoak, baina danak dagoz euskeraz. Edonork plazaratu leike bere testua Booktegi.eus-en, baina kalidadeari lotutako baldintza batzuk bete behar dira. Lanen jaubetzea, kasu guztietan, egilearena da.
Irakurleek, bestetik, weebguneko edozein liburu doban deskargau leikie. Hiru formatutan eskuratu leitekez: Epub, mobi eta pdf. Egileek, argitaratzeagaitik ez dabe ezer pagauko ez kobrauko eta, ondorioz, liburuak deskargetea be doban da.
Liburuak eskuratzeko ez da beharrezkoa harpidetzarik ez antzekorik egitea. Gustuko liburuak aukeratu eta deskargau, besterik ez da egin behar. Halandabe, harpidetzea egiteko modua be badago eta, era horretara, posta elektronikoan boletina jasoko dau erabiltzaileak, lantzean behingo nobedadeakaz. Harpidetzea be doban da.
Booktegi.eus-eko arduradunek azaldu dabenez, euskal letren munduan dagozan gabezia batzuk konpontzeko asmoz sortu da webgune barria. Batetik, liburu asko gitxi irakurtzen dirala ikusi dabe eta bigarren bizitzea emon nahi izan deutsie lan horreei. Bestetik, idazle barriei argitaratzeko aukerea emon nahi deutsie.
Ganera, webguneko arduradunen ustez, liburu eletronikoak ibilbide mugatua izan dau orain arte euskeraz: Liburu gitxi dagoz aukeran eta dagozan apurrak formatu jakin batzuetan baino ezin dira irakurri. Hartara, Booktegi.eus-en, hiru formatu ohikoenetan ipiniko ditue idazlan guztiak, euskerazko liburu elektronikoa gehiago zabaltzeko asmoz.
Era guztietako liburu eta testuak dagoz aukeran, nobeletatik hasi eta bertso-sortetaraino. Fikzinoa zein saiakerea dagoz, lan luzeak zein laburrak. Esate baterako, Patxo Telleriak idatzitako Lingua Navajorum antzezlanaren testua, Mursegoren abestien berben bildumea, Harkaitz Canoren ipuin batzuk, Katalina Erauso pastorala eta Anquetil txirrindulariari buruzko liburua dagoz. Baita Axularren Gero ere.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!