Sean Brosnan zinemagile amerikarrari emongo deutso FANTek Fantrobia saria

Bizkaie! 2017-04-04 13:33   Zinemea

Bilboko bildurrezko eta Fantasiazko Nazinoarteko Jaialdiaren, FANTen, 23. edizinoa maiatzaren 5etik 12ra izango da. Sean Brosnanen lehenengo film luzea eskainiko da bertan.

Hilabete faltau da FANT jaialdiari ekiteko eta antolatzaileak hasi dira detaile guztien barri emoten. Fantrobia sariak generoan etorkizun oparoa daukien egile gazteak saritzen ditu urtero eta, aurten, Sean Brosnan estadubatuarra aukeratu dabe. Pierce Brosnan aktore irlandar ezagunaren semea da eta zinemagintzan lekua egiten dabil.

Lehenengo film luzea amaitu barri dau Sean Brosnanek, My father die, eta Bilboko FANTen proiektauko dabe, egileari Fantrobia saria emoteko ekitaldian. Maiatzaren 9an izango da saioa, Golem Alhondiga zinema-aretoan.

Sean Brosnanek gazte-gaztetatik ekin eutsan bere ibilbideari zinemagintzan. Poesia eta Antzerkia ikasi, eta berehala hasi zan antzerkian eta telesailetan aktore. Geroago, film luze batzuetan ibili zan. Ganera, produkzino-etxe bat sortu eban, Knightmarcher. Orduan hasi zan gidoiak idazten eta film laburrak zuzentzen. The Kid izan zan lehenengoa, 2012an.

Sean Brosnanen lehenengo film luzea, My father die, bildurrezkoa da, odolez betetako istorio iluna. Estadu Batuetan kritika onak jaso ditu eta generoaren etorkizuneko egile garrantzitsuenetako bat izateko bidean ipini dau zuzendaria.

Beste alde batetik, FANT jaialdiko epaimahaian nortzuk egongo diran be aurreratu dau Bilboko Udalak. Melina Matthews antzezlea, Elio Quiroga idazle, zuzendari eta gidoilaria eta Miguel Ángel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetaria izango dira epaile.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu