Bilbo Uria Pop-rock lehiaketan izena emoteko epea, datorren astean zabalik
2017-03-31 11:47 MusikeaApirilaren 3tik maiatzaren 15era bitartean apuntau leitekez talde ez-profesionalak, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Lehiaketearen 29. edizinoa izango da aurtengoa.
Gerora musikearen munduan erreferentzia izatera heldu diran hainbat taldek parte hartu dabe Bilbo Uria Pop-rock lehiaketako orain arteko 28 edizinoetan. Izan be, talde gazte eta hasibarrientzako lehiaketa erakargarria da. Esaterako, 2016an 626 taldek emon eben izena. Bertokoak ez eze, atzerrikoak be egon ziran: Finlandia, Italia eta Belgikakoak, besteak beste. I Me Mine, Insaniam eta Rrucculla izan ziran irabazleak.
Aurtengo edizinoa be martxan jarri dau Udalak. Parte hartu nahi daben taldeek izena emon behar dabe, Bilboko Udalaren webgunearen bidez. Maiatzaren 15era arteko epea daukie horretarako. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako taldeak onartuko ditue, Europako edozein herrialdetakoak. Hiru kanta eta argazki bat bialdu beharko ditu talde bakotxak, baita euren ibilbidearen ganeko azalpen laburra be.
Hasten dagozan taldeentzako sariketea dan ezkero, kontratu diskografiko bidezko disko bi baino gehiago ez izatea da baldintza nagusietako bat. Bilbo Uria lehiaketearen aurreko edizinoetan saririk irabazi bakoak izan beharko dira taldeak. Era berean, taldeak berak sortutako abestiak aurkeztu beharko ditue.
Aurreko edizinoetan egin izan dan legez, hiru kategoriatan banatuko ditue 29. Bilbo Uria Pop-rock lehiaketako parte-hartzaileak, estiloaren arabera: Pop-rock; Metal musikea; eta Elektronika eta jokera barriak.
Behin izena emoteko epea agortuta, hiru fasetan banatuko dabe lehiaketea. Lehenik eta behin, aurkezten diran talde guzti-guztien artetik, 38 aukeratuko ditu epaimahaiak. Pop-rockeko 24 talde, metaleko 10 eta jokera barrietako lau izango dira, baina epaimahaiak proportzino hori aldatzeko eskumena dauka.
Bigarren fasean, epaimahaiak aukeratutako 38 taldeek zuzeneko kontzertuak joko ditue Bilborock aretoan. Irailean eta urrian izango dira emonaldiak. Jokera barrietako modalidadekoek ez dabe fase honetan parte hartuko. Ganerakoen artean, pop-rockeko hiru finalista aukeratuko ditu epaimahaiak, eta metaleko beste horrenbeste.
Hirugarren fasea finala izango da. Hiru kategorietako finalistek zuzenean joko dabe eta irabazleak aukeratuko dira. Hiruna sari egongo dira pop-rock eta metal arloetan eta bat jokera barrietan. Publikoaren saria be emongo da. Guztira, 20.700 euro saritan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!