Kirol federaduan euskerearen erabilerea indartzeko plana aurkeztu dau Bizkaiko Foru Aldundiak

Bizkaie! 2017-03-31 10:15   Euskerea berbagai

Kirol federazinoakaz alkarlanean ibiliko da Foru Aldundia, Bizkaian kirola ere euskaraz egitasmoan. Euskerearen normalizazinoan aurrerapausuak egitea da asmoa.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta federazinoetako ordezkariek Miribillako kiroldegian egindako agerraldia | Ikusi handiago | Argazki originala

Miribillako Kirol Etxean batzarra egin dabe erakunde publikoetako eta federazinoetako ordezkariek. Bizkaiko Foru Aldundiaren partetik, Lorea Bilbao Kultura diputadua eta Ana de Castro Euskera zuzendaria egon dira, baita Euskara Bizia batzordeko kideak be. Bestetik, hainbat kiroletako federazinoetako arduradunak egon dira. Bizkaian kirola ere euskaraz proiektua zer dan azaldu deutsie kiroletako ordezkariei eta federazino guztiek planean sartzeko ateak zabalik dituela jakin eragin deutsie.

Lorea Bilbaoren esanetan, proiektuaren helburu nagusiak dira kirolaren ohiko jardueretan euskerearen erabilerea indartzea, kirolaren eremuan hizkuntza ofizial bien presentzia orekatzea, euskerea kirolean hizkuntza bizia izatea eta aurrerapausoak egitea euskerearen normalizazioan. Sektore estrategikoa da kirola, Bilbaoren ustez. Izan be, talde-lana eta ahalegina ditu ezaugarri, euskerea bultzatzeko ezinbestekoak.

Kirolean euskeraz berba eginda eroso egotea da giltzarria, Foru Aldundiko arduradunen esanetan. Horregaitik, proiektu estrategikoa da honako hau. Legealdi hasikeran, Aldundiak konpromisoa hartu eban, kirolean parte hartzen daben personen artean euskerearen erabilerea indartzeko, batez be federazino, eskola eta udalen bidez dabizanen artean.

Plana martxan jarteaz bat, diagnostikoa egingo dabe: Federazino bakotxeko jardueretan eta modalidade bakotxean euskereak daukan lekua aztertuko da. Laguntzino teknikoa emongo deutsie Aldundiak federazinoei, zeregin horretarako.

Diagnostikoa egin eta gero, federazino bakotxak Foru Aldundiagaz adostuko dau ze neurri diran egokienak euskerea bultzatzeko, kirol bakotxeko parte-hartzaileen ezaugarriak kontuan hartuta. Epe ertaineko jarduera-plana jarriko da martxan. Komunikazinoari arreta berezia emongo jako, kirolaren barruko komunikazinoa hizkuntza ofizial bietan egitea bermatu behar dalako, Aldundiak azpimarratu dauenez.

Zehatz esanda, bermatu nahi da edozein federazinogaz izaten dan lehen hartu-emona euskeraz izatea, eta ziurtatu euskerea federazinoen sare sozialetan, webguneetan eta dokumentazinoan dagoala. Gnera, Foru Aldundiak bermatu nahi dau prestakuntzan, entrenamenduetan eta bazkideakanako hartu-emonetan erabilten dala euskerea. Kirol lehiaketetan be euskera gehiago entzutea bilatuko da.

Euskerearen erabilerea euren alorrean indartzeko, federazinoek ekintza zehatzak martxan ipini beharko ditue. Horreek aurkezteko epea 2018-19 denporaldiaren amaierara artekoa izango da. Bitarte horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta lurraldeko kirol federazinoen arteko lankidetzarako bideak adostuko dira.

Federazinoek eta Foru Aldundiak ez eze, Alkarbidek eta Eusportek be parte hartuko dabe Bizkaian kirola ere euskaraz egitasmoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu