Blogetan! lehiaketako sariak banatu ditue Azkue Fundazinoak eta Argiak

Bizkaie! 2017-03-31 08:57   Euskerea berbagai

Etzi.pm, Iparraldeko neska, Game erauntsia eta Iparra izan dira irabazleak kategoria bakotxean. Euskerazko blogintzearen ganean Bilbon egindako jardunaldian emon ditue sariak.

Entzule ugari batu dira Euskararen Etxean, Euskal Blogarien Topaketan (argazkia: Azkue Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren aldiz antolatu dabe Azkue Fundazinoak eta Argia astekariak Blogetan! lehiaketea, euskerazko blogik onenak aukeratzeko asmoz. 129 blog aurkeztu dira aurtengo lehiaketara eta hamabi heldu dira finalera, kategoria bakotxean hiru.

Kulturearen atalean, Castillo Suarez idazlearen Iparraldeko neska blogari emon deutsie saria. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, blog honetan Castillo Suarezek hainbat idazleren testu aukeratuak jarten ditu, zaharrak zein barriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak bihotzeraino heltzen diran horreetakoak. Berria egunkariaren komunidadean dago Suarezen bloga.

Gizarte eta politika gaien kategorian, ostera, Etzi.pm izan da irabazlea. Gogoetarako eta eztabaidarako txokoa da blog hori. Talaios kooperatibeak bultzatzen dau Etzi.pm.

Bestetik, astialdiaren kategorian, Game erauntsia aukeratu dau epaimahaiak. Bideo jokoen erabiltzaileek sortutako proiektua da Game erauntsia eta webgunearen atal bat da bloga. Bideo jokoen inguruko albiste eta barrikuntzak batzen ditue hor.

Amaitzeko, Zientzia eta Teknologia kategorian, Iparra bloga saritu dabe. Euskeraz sortzen diran baliabide teknologikoen barri emoten dau bertan Xabier Martin arduradunak. Ganera, teknologia barriakaz lotutako tresnak euskeraz egon daitezan, kanpainak martxan ipinten ditu lantzean behin.

Horreek izan dira saritu nagusiak, baina Blogetan! lehiaketeak badauka beste sari bat be, blogari barriena hain zuzen. Hori Argiak emoten dau. 52 milimetro izeneko blogak irabazi dau aurtengo saria, Josune Gil eta Ainara Bergesek sortutako bloga da. Argazkiak dira 52 milimetro-ren funtsa, fotokazetaritzan oinarrituta irudien aukeraketea jagoten dabe Bergesek eta Gilek, eta bakotxa bere testuinguruan ipinten dabe.

Bilbon, Euskararen Etxean antolatutako jardunaldia, Euskal Blogarien II. Topaketea, aprobetxau dabe Azkuek eta Argiak sariak banatzeko. Jardunaldi horretan, interneten eta teknologia barrien alorreko hainbat adituk azalpenak emon ditue, berbaldi eta mahai-inguruen bidez. Euskerazko blogintzearen egoerea aztertu da eta aurrera begirako erronkak zehaztu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu