Munduko Poesia Kaierak bildumako beste hiru ale aurkeztu ditue

Bizkaie! 2017-03-31 08:11   Kulturea

Adrienne Rich, Alfonsina Storni eta Dylan Thomas idazleen antologia bana plazaratu dau Susa argitaletxeak, euskeraz.

Maialen Berasategi, Iker Alvarez eta Uxue Alberdi itzultzaileak (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko Poesia Kaierak 21 aleko bildumea da dagoeneko, Donostian aurkeztutako hiru liburuak kontuan hartuta. Nazinoarteko olerkigintzako harribitxiak euskerara ekartea da bildumearen helburu nagusia, zaleentzat eskuragarri egon daitezan. Papelean ez eze, interneten be argitaratzen dira liburuok. Beñat Sarasola da bildumearen gaur egungo zuzendaria eta berak gidatu dau Donostiako aurkezpena. Hiru ale barrien itzultzaileak be ekitaldian izan dira.

Alde batetik, Maialen Berasategik Adrienne Rich Amerikarraren (1929-2012) poemak euskeratu ditu. Neurri baten, jatorrizko bere identidade zuri, heterosexual, klase ertainekoa deseraikitzen ahalegindu zan, eta gatazka horren zauri eta zantzuak topauko ditu irakurleak, dino Susa argitaletxeak Richen idazkien inguruan.

Alfonsina Storni argentinarraren (1892-1938) testuak, ostera, Uxue Alberdik itzuli ditu. Gizarte patriarkal baten emakume izatearen esperientziak blaitzen dau haren obra osoa, batez be gizonen maitale izatearen neke-zorigaitzak, dinoe Susakoek, Alfonsina Storniren poesiaren ezaugarri agerikoenetako bat da idazkerearen indarra.

Hirugarren alean, Dylan Thomas galestarraren (1914-1953) olerkiak batu ditue, Iker Alvarez itzultzaile dala. Gazterik hil zan arren, 20. mendeko poeta anglosaxoi aitagarrienen artean dago eta Susakoen esanetan, Dylan Thomasen poesiaren dohain nabarmena dogu hizkuntzearen intensidadea, hein handi baten soinuzko elementuen erritmiko berezien bidez lortzen ebana.

Liburuok aurkezteko ekitaldian, Hasier Etxeberria idazle hilbarria gogoan hartu dabe Susako arduradunek eta itzultzaileek. Dylan Thomasek idatzitako olerki bat, Eta ez da gailenduko heriotza, irakurri dau Iker Alvarezek Etxeberriaren omenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu